NAIZ

Gridillako orubean auzoak behar dituen etxeak eraikitzea proposatu dute Sanduzelain

Gridillako etxe eraitsiek utzitako orubean muga funtzionalak dituzten adineko lagunentzat egokitutako etxebizitzak eraiki eta alokairu sozialerako pisuak birgaitzeko plan bat eskatu dute Sanduzelain. Proposamena erakundeetara eraman dute. Guztien harrera onaren ondoren, ekintzak eskatzen dituzte.

Sanduzelaiko auzokideen agerraldia, Gridillako etxebizitzen orubean.
Sanduzelaiko auzokideen agerraldia, Gridillako etxebizitzen orubean. (Sanduzelaiko Sare Soziala)

Sanduzelaiko Sare Sozialak eta “Erdigune” prozesu parte-hartzailearen jarraipen mahaiak auzoko hainbat kolektibo, elkarte eta auzokideekin batera deitutako agerraldi batean, auzoan etxebizitzarekin dagoen kezka agerian utzi eta arazoari irteera emateko premia nabarmendu dute.

Arazoari aurre egiteko, proposamen bat aurkeztu dute erakundeetan Gridillako etxe eraitsietako oruberako. Ideia da egun auzoan bizi diren adineko pertsonentzat egokitutako etxebizitzak eraikitzea, eta aldi berean, alokairu sozialeko pisuak birgaitzeko plan bat lanztea.

Zehaztu dutenez, «irisgarritasunari dagokionez ezaugarri bereziak dituzten eta muga funtzionalak dituzten adinekoentzat egokitutako etxebizitzak» eraikitzea da asmoa. «Aldi berean, etxebizitza horien etxabeek ere auzoarentzako erabilera soziala izan beharko» luketela argitu dute.

«Etxebizitza horien eraikuntzarekin batera baliabide ekonomiko gutxiko jendearentzako alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak birgaitzeko plan bat egin beharko litzateke», adierazi dute. Azpimarratu dutenez, edozein planek kontuan hartu beharko luke adinekoen eta gazteen errotzearen gaia.

Mendekotasun maila handia

Proposamenaren atzean, eragile ugariren auzoan dagoen arazoaren diagnostiko partekatu bat dago. Azaldu dutenez, adineko biztanle asko duen auzoa da. Bertan bizi osoa eman, eta «errotuta» dauden pertsonak dira, nabarmendu dute. Horietako lagun askok «mendekotasun-maila handia dute», eta ekonomikoki ezin diete etxea egokitzeko eraberritze lanei aurre egin.

Horren ondoan, eta alokairuen kostu handien ondorioz, auzoan ematen den «azpietxebizitza» arazoa aipatzen dute, hainbat kasutan gastuei aurre egin ahal izateko etxeetan pilatu behar diren pertsonen arazoari begira.

Gazteriaren egoera hirugarren ardatza da. Lan prekarietatea dela eta, «ia ezinezkoa egiten zaigu familiaren etxetik emantzipatzea», eta ahal izatekotan Sanduzelain bertan egin nahiko lukete askok, «auzotik ateratzera behartu gabe».

Azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuko etxebizitza Saileko eta Nasuvinsako arduradunekin bildu dira, baita udal talde politiko guztiekin ere. Auzokideen proposamenak harrera ona izan badu ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela uste dute, eta mobilizazioak deitzeko asmoa azaldu dute, gauzak «hitz onetan» era ez daitezen.

Gobernuari eta Iruñeko Udalari «pilota pasatzeari uzteko» dei egiteaz gain, «hau dinamika zabalago baten hasiera» baino ez dela adierazi dute, planteatutako irteerarekin arazoa ez baita bere osotasunean konponduko. «Baina hasteko eta bultzada garrantzitsu bat emateko modu on bat da», nabarmendu dutenez.