NAIZ

#MeetooPolitique, indarkeria matxistaren aurkako behatokia arlo politikoan

#MeetooPolitique hastagak, frantziar Estatuko politika munduko indarkeria eta abusu sexuala salatzeko erabiltzen denak, mundu digitaletik errealitatera egin du salto behatoki berri baten sorkuntzarekin.

Eric Zemmour ultraeskuindarrari abusu sexualen egiletza leporatu diote.
Eric Zemmour ultraeskuindarrari abusu sexualen egiletza leporatu diote. (Eric PIERMONT | AFP)

Politikagintzak emakumeen aurkako indarkeria kasuak identifikatzeko behatoki bat izango du hemendik aurrera Estatu frantsesean. Astelehen honetan ezagutarazi dute eta, hori horrela, #MetooPolitique hastagak, sarean Ipar Euskal Herriko eta frantziar estatuko politikagintzako jazarpen sexuala salatzeko erabiltzen denak, errealitatera egingo du salto. Behatokiaren helburua salaketei ikusgarritasun handiagoa ematea eta biktimei laguntzea izango da.

Behatokia datorren apirilean ospatuko diren hauteskunde presidentzialen testinguruan sortu da. Izan ere, hauteskunde hauetara aurkeztuko diren hiru hautagai jazarpen edo agresio sexualen akusazioak dituzte atzean, tartean Eric Zemmour ultraeskuindarrak.

Testuinguru honetan, behatokiak toki «neutro» bat bihurtzea du xede, eta biktimak babestuta eta hartu beharreko erabakiekiko orientatuta sentitzea nahiko luke. Era bereran, kontuak exijituko dizkie alderdi politikoei jazarpen eta sexu erasoekin bukatzeko hartu beharreko neurrien inguruan.

«Ez da sexu-jazarpen edo sexu-erasoen kontua soilik, baizik eta boterea eta Frantziako ordezkaritza demokratikoa nork eskura dezakeen, zeren fenomeno horrek emakume asko bizitza politikotik kanporatzera garamatza», azaldu du prentsaurreko batean LGBT kazetarien elkartearen sortzaileetako bat eta militante feminista den Alice Coffinek.

«Erresistentzia sistema»

Mathilde Viotek, Frantziako parlamentuko kontseilariak, salatu du alderdiek akusatuak babesten dituzten «erresistentzia sistema bat» martxan jartzen dutela. «Biktimak pertsona ezagun edo boteretsu bati aurre egiteko duen beldurraz ere baliatzen dira», zehaztu du.

Indarkeria sexuala ez da eraso fisiko bat soilik. Era sotil eta latenteagoetan ere azaltzen da, adibidez, alderdi bateko gizonezko bozeramaileei protagonismo mediatiko handiagoa ematen zaienean edo emakumeak diren politikariek kritika gordinagoak jasotzen dituztenean. Hori gertatu zitzaion Valérie Pécresse hautagai kontserbadoreari iragan den astean emandako hitzaldi batean: erabili zuen ahots tonuagatik burla egin zioten. Hala ere, 2017an Emmanuel Macronek, egungo Frantziako presidenteak, gauza bera egin zuenean ez zen horrenbesteko gogortasunez kritikatua izan. Parisen emandako mitin horretan, Macronek gehiegizko grinarekin, oihuka kasik, hitz egin zuen.

Behatokiaren sustatzaileek azaldu dutenez, indarkeria sexual kasuak espektro politiko osoan ematen dira, ezkerretik eskumara, eta baita maila guztietan ere, esfera altuetatik hasita udal politikagintzaraino. Behatokiak galdetegi bat bidali die hautagaiei politikagintzako jazarpen sexualaren inguruan zer neurri hartuko dituzten ikusteko eta baita behin-behineko akusatuak, justiziak erabakia hartu arte itxaron gabe, beraien taldetik modu prebentiboan kanporatzeko prest egongo ote liratekeen jakiteko.

Fiona Texeirek, behatokiaren beste bultzatzaileetako batek, gogorarazi du emakume frantziarrek ezin izan zutela 1944. urtera arte bozkatu, gizonek baino mende eta erdi beranduago, eta horrek, nahitaez, bizitza politikoa emakume gabe eraikitzea eta «ohitura txarrak zein ezabatzea kostatzen den botere praktikak» existitzea eragiten duela.