Marcel Pena

La Passem «Okzitaniako Korrika»ren bigarren edizioa ekainaren 2tik 5era egingo da

La Passem, okzitanieraren aldeko «Korrika», ekainaren 2tik 5era ospatuko da, hizkuntzaren zainketa eta transmisioa bermatzeko helburuarekin. 2018an hasita, aurtengoa bigarren edizioa izango da 2020ko lasterketa bertan behera geratu baitzen pandemiaren ondorioz.

La Passem-en 2018ko edizioaren irudia.
La Passem-en 2018ko edizioaren irudia. (LA PASSEM)

La Passem, Okzitaniako hizkuntzaren aldeko «Korrika», 2022ko ekainaren 2tik 5era izango da. Erreleboen lasterketa Sent Martin de Senhansetik abiatuko da eta Pauen bukatuko du ibilbidea, lau egun eta hiru gauetan 600 kilometro egin ondoren.

Ligams elkarteak astelehenean aurkeztu zuen Pauen La Passem okzitanieraren aldeko dirua lortzeko lasterketa solidarioa. Daniel Barneix Ligams-eko kideak azaldu zuenez, «jende guztiak ‘lenga nosta’ (gure hizkuntza)» ezagutu eta partekatzeko ekitaldia da.

Korrikarekin gertatzen den bezala, La Passem-en egiten den kilometro bakoitza 100 euroren truke eros daiteke, eta ekimenak 60.000 euro lortzeko helburua du, Okzitaniako hizkuntza zaindu eta transmititzeko. Hitzordu horretan 200 boluntariok parte hartuko dute.

Ibilbidean zehar, La Passem 170 herritatik igaroko da, hala nola Ortès, Garlin edo Tarba, Landak, Baish Ador, Bigorra eta Biarn «parçan»etatik.

2018an egin zen La Passem-en lehen edizioa eta Bidaxunetik (Nafarroa Beherea) atera zen. Izan ere, Jean Rene Etchegaray lehendakariak eraman zuen lekukoa lasterketaren lehen metroetan. Edizio hartan 48.000 euro bildu ziren guztira.

2020an La Passem-en bigarren edizioa egitea aurreikusita zegoen, Angelutik Pauera, baina pandemiak bertsio «konfinatu» eta birtual bat egitera behartu zuen. Beraz, aurten bi urtean behin egingo den lasterketa baten bigarren edizioa izango da.