NAIZ

Zirgari Sariek Belen Bilbao, Argitan elkartea eta Skolastika programaren lana aitortu dute

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK erakundeak Belen Bilbaoren, Argitan Elkartearen eta Skolastika programaren lana aitortu dute 2022ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zirgari Sarietan.

Teresa Laespada foru diputatua eta Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria, Zirgari sarien berri ematen.
Teresa Laespada foru diputatua eta Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria, Zirgari sarien berri ematen. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Foru erakundeak eta BBK-k ematen dituzten Zirgari sarien zazpigarren edizioan sarituak izan direnak jakinarazi dituzte gaur goizean, prentsaurrekoan, Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eta Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak. Belen Bilbao, Argitan Elkartea eta Skolastika programa izan dira sarituak.

Sariak emateko ekitaldia Bilboko BBK Aretoan egingo da martxoaren 7an, 18.00etatik aurrera, eta bertara joan nahi dutenek honako esteka honen bidez eman dezakete izena: www.bizkaia.eus/inscripcion_social.

Belen Bilbao

Belen Bilbao medikua da eta gaur azaldu dutenez, «ez da bere lanbidea betetzera mugatu, baizik eta, bere ohiko betebeharraz haratago, bere aisialdiaren eta bere indarren zati handi bat kolektibo behartsuen, bazterkeria egoeran dauden pertsonen eta, bereziki, kalteberatasun egoeran dauden emakumeen bizitza hobetzen laguntzera bideratu du».

Gaztetatik, batez ere unibertsitate garaian, parte-hartze aktiboa izan zuen Bizkaiko Mugimendu Feministan, batez ere Emakumeen Asanbladan. Gogoratu behar da, halaber, ginekologiako 28.000 historia kliniko inguru pilatu dituela.

Argitan

Barakaldoko Argitan Emakumearen Aholku Zentroa 1996an eratu zen indarkeria matxista eta horren ondorio guztiak salatzeko eta politika feministak sustatzeko beharra agerian uzteko.

Argitan Zentroak batez beste 350 emakume jasotzen ditu urtean; beraz, 26 urteko ibilbidean indarkeria matxistaren eta desberdintasunaren 8.700 biktima baino gehiago artatu ditu, aholkularitza juridikoa, lanekoa, laguntza psikologikoa eta gizarte prestazioei buruzko informazioa eskainiz.

Skolastika

Skolastika, berriz, literatura, feminismoa eta aldarrikapena batzen dituen proiektua da. Emakumeen iragan literarioaren berri ematen digu eta hori guztia tailer, hitzaldi, mintegi eta literatur ikastaroen bidez aldarrikatzen du. Eta bere lan hori nortasun propioarekin garatzen du, emakumeen talentuaren eta sorkuntzen aurkako estereotipoak eta aurreiritziak eraisten laguntzen duen metodologia parte-hartzailea erabiliz.

Prentsaurrekoan hil berri den eta Zirgari Sarietako epaimahaikidea izan zen Lucia Martinez Odriozola kazetaria ere gogoratu dute.

«Berdintasuna ezin da agenda publikotik desagertu»

Teresa Laespada foru diputatuak azaldu duenez, Berdintasuna ezin da agenda publikotik desagertu, «sustrai matxista sakonak dituen gizarte batean bizitzen jarraitzen dugulako». Era berean, adierazi du «ez dela egia» dagoeneko Berdintasunean bizi garela.

Bestalde, Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintza arloko zuzendariak azpimarratu duenaren arabera, «emakumeak ahalduntzea eta genero berdintasuna sustatzea ezinbestekoa da garapen jasangarria bizkortzeko eta, 5. Garapen Jasangarrirako Helburuaz gain, 2030 Agendak ezarritako gainerako helburu guztiak zeharkatzen dituen zeregina da. Emakume eta neskatoen aurkako diskriminazio mota oro desagerraraztea ez da bakarrik oinarrizko giza eskubide bat, izan ere, horrez gain, ondorio biderkatzailea du gainerako garapen eremu guztietan».