NAIZ

Foro Soziala: «Espetxe politika arrunta garatzeko oztopoa Auzitegi Nazionala da»

‘Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokiaren’ argitalpen berria prestatu du Foro Sozialak eta bertan hainbat auzi aztertu ditu. «Kezka» agertu du Auzitegi Nazionalaren ebazpen negatibo eta gradu-erregresioen aurrean.

Foro Sozialaren aurreko prentsaurreko bat.
Foro Sozialaren aurreko prentsaurreko bat. (Maialen ANDRES | FOKU)

Foro Sozial Iraunkorrak ‘Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokiaren’ seihileko argitalpenaren 4. zenbakia osatu du.

Laugarren zenbaki honetan, presoen birgizarteratze ibilbideei buruzko datuak eguneratzeaz gain, torturaren eta defentsa eskubidearen gaia ere landu du Foro Sozialak. Zentzu horretan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Atristrainen kasuari buruz eman berri duen epaiak dagoeneko izan dituen eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioak aztertu ditu.

Presoei buruzko datuei dagokienez, «aurrerapenak» egon direla nabarmendu du Foro Sozialak. «2022 urtearen hasieran, motibazio politikoko delituengatik euskal presoen erdiak baino gehiago EAEko eta Nafarroako espetxeetan daude; gainerakoak, 400 km baino gutxiagoko erradioan», nabarmendu du. Foro Sozial Iraunkorrak «positiboki» baloratzen ditu mugimendu horiek, baina zehaztu du «beharrezkoa» dela «preso guztiak beren ingurune sozialetara hurbiltzea birgizarteratze ibilbideen arrakasta bermatzeko».

Presoak espetxetik ateratzen direnean egiten zaien harreraren inguruan ere aritu da Foro Soziala, «konponbidean» dagoela adieraziz. «EPPK Euskal Presoen Kolektiboak horrelako harrera publikoak egiteari uko egin dio, biktimengan sortzen duten egonezina ulertuz. Foro Sozialak EPPKren erabakia txalotu egin zuen, bizikidetza demokratikorako ekarpen gisa eta herri honetako gehiengo sozial eta politikoarekin bat datorren erabakia izan zelako».

Lakuak espetxeak kudeatzen hasi dela ere izan du hizpide Foro Sozialak, honek «espetxe politika arruntaren aplikazioa erraztu» beharko lukeela iritziz. «Hala ere, espetxe politika arrunta garatzeko oztopo nagusiak Auzitegi Nazionalean jarraitzen du, haren ardurapean baitaude oraindik funtsezko erabakiak (gradu-progresioak, baimenak, hirugarren gradua baldintzapeko askatasunak...)», azpimarratu du.

Bide horretan, gogora ekarri du «ebazpen negatiboak eta gradu erregresioak biderkatzen» ari direla. «Egoera okerrenean urteak igaro ondoren (urruntzea, sakabanatzea, 1. maila, isolamendua, etab.), aurkako ebazpen horiek eragin izugarria dute familietan eta seme-alabengan (Izadiren kasuan, adibidez)», nabarmendu du. Era berean,  presoen birgizarteratze ibilbideetan eta «zigorra betetzen ari den pertsona orok merezi duen itxaropen-agertokian» duen eragina aipatu du.

Hori dela-eta «oztopoek bere horretan» jarraitzen dutela eta «are larriagoak» direla orain uste du Foro Sozialak.

Ostiralean, otsailaren 25ean, 12.00etan, Bizkaiko Abokatutzaren Elkargoan aurkeztuko ditu argitalpenaren xehetasun guztiak.