NAIZ

Maddalen Iriarte: «Sexu-abusuen biktimek aitortza eta gertatutakoa argitzea merezi dute»

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Eliza katolikoaren baitan eman diren sexu abusuak salatu ditu eta bere kasua gogoratu du: «Hau izugarria da pertsona baten bizitzan». Biktimentzako aitortza aldarrikatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea.
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea. (Endika PORTILLO | FOKU)

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak 2020. urtean eman zuen jakitera sexu-abusuen biktima izan zela udaleku batean, zazpi urte zituela. Asteazken honetan, Eliza katolikoaren baitan eman diren kasuak ikertzen ari direla, Iriartek bere kasua gogoratu du eta egoera salatu ‘ETB-1’eko Egun On Euskadi saioan.

«Izugarria egiten zait gai honi buruz hitz egitea, bere unean halakorik jasan izan nuelako. Eta gaur oraindik, 53 urte pasa direnean, pentsatzen dut nire bizitza ametsa dela eta han esnatuko naizela. Hau izugarria da pertsona baten bizitzan», adierazi du Iriartek.

Sexu-abusuen biktimek «egia, aitortza, errekonozimendua eta zer gertatu zen jakitea» merezi dutela nabarmendu du.

Elizaren baitan eman diren kasuak «aparteko garrantzia» dutela adierazi du: «Eliza gure gizartean botere handia izan duen instituzioa izan da. Pisu handia izan du hezkuntza sisteman, eskola asko apaizek gidatu dituztelako eta umeen autoritatea izan direlako. Autoritatearen eskutik era honetako bortxa bat jasatea izugarria da».

«Elizak aitortu behar du isildu egin duela, estali egin duela gertatutakoa urte askoan eta izugarrizko min sakona egin diela ume askori eta haien familiei ere», azpimarratu du Iriartek.

Gogoratu duenez, EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek eskaera bateratu bat erregistratu dute Espainiako Kongresuan Elizako kideek egindako sexu-erasoak ikertzeko batzorde bat sortzeko. «Gai hau instituzio guztietara eraman behar da eta gertatu zena argitu, sekulako barne-minak daudelako».