NAIZ
Iruñea

Nafarroako ikastetxeetan euskarazko ereduan matrikulatzearen alde egin dute hainbat eragilek

Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Topagunea, EHE, UEU, EMUN, ELA, LAB eta Steilas sindikatuak agerraldia egin dute Iruñean datozen asteetako matrikulazio kanpainaren harira.

Euskalgintzako ordezkariek agerraldia egin dute Katakraken.
Euskalgintzako ordezkariek agerraldia egin dute Katakraken. (Kontseilua)

Euskalgintzako, hezkuntzako eta eragile sindikaletako ordezkarek agerraldia egin dute gaur goizean Iruñeko Katakraken, «euskarazko irakaskuntzaren alde» eta gurasoei seme-alabak euskarazko ereduan matrikula ditzaten animatzeko.

Bertan izan dira, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Topagunea, EHE, UEU, EMUN, ELA, LAB eta Steilas.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hezkuntzako eragileek erakutsitako batasuna azpimarratu du: «Aurreko astean Sortzen, Euskal Herriko Ikastolak eta Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak ‘aUPa euskara, ahotik mundura’ kanpaina bateratua aurkeztu zuten euskarazko ereduaren alde, eta hori handia dela esan behar dugu. Izan ere, keinu horrek erakutsi du euskarak batu egiten duela, kohesioa sortzen duela gizartean. Zeinek bere proiektua, baina batu egin ziren».

Hori horrela izanik, gaur euskararen aldeko batasun handiagoa erakutsi nahi izan dute, euskararen atzean zer-nolako aniztasuna dagoena erakusteko:

Gurasoek datozen asteetan hartuko duten erabakiak izango duen eragina kontuan hartuta, euskarazko D ereduan aurrematrikulatzeko deia eta gonbidapena batera egin nahi izan dute aipatutako eragileek. «Zalantzarik gabe, eredurik inklusiboena da euskarazko eredua».

«Jakintza hori Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa dela» adierazi du Bilbaok.

Bestalde, Kontseiluko eledunak euskarazko irakaskuntzan diharduen komunitateak egiten duen lana goraipatu nahi izan du: «Ikaragarria da azken hamarkadotan hezkuntza-komunitateak egindako lana herritar euskaldun eleaniztunak sortzeko. Harro egoteko moduko profesionalak ditugu, konprometituak, gutxiago duenari gehiago emateko irizpideari jarraituz, bai eta euskararen gaian ere».

Bilbaok «berdintasunean oinarritutako gizartea» defendatu du eta «herritar guztiek aukera berdinak izatea» eskatu du Kontseiluko eledunak. «Geurea irakatsi, baina besteena ezagutu, besteengandik ikasi, hori bera da euskarazko eredua: hartu eta emateko baliagarria den hezkuntza eredua, emateko eta hartzeko aukera eskaintzen duen eredua, euskararekin loturarik izan ez duten horien guztien beharrak asetzeko».

Hau kontuan hartuta, agerraldian bildutako eragileek Nafarroako ikastetxeetan euskarazko ereduan matrikulatzearen aldeko gonbidapena egin nahi izan dute.