AFP

Droga gaindosiak ekiditeko zentro seguru bat jarri du martxan New Yorkek

Inoiz baino newyorktar gehiago hil ziren iaz droga gaindosiengatik, 2.062. Horregatik, drogazaleentzako espazio berri bat ireki dute Harlemen. OnPoint NYC zentroaren helburua kontsumitzaileak segurtasunez ziztatzea eta gaindosiak ekiditea da.

OnPoint NYC zentroaren sarrera.
OnPoint NYC zentroaren sarrera. (Thimoty A.CLARY | AFP)

«Leku honek bizitzak salbatzen ditu», dio Harlem Ekialdean ireki duten lehenengo drogazaleentzako zentroan, OnPoint NYCn, zintzilikatutako kartelak. Segurtasunez ziztatzeko AEBetan ireki duten lehenengo zentroa da hau, eta eredu izan nahi du gaindosiaren biktimen errekor guztiak hausten diharduen herrialdean.

Gela baten albo bakoitzean kubikulu irekiak edo lau box daude lerrokatuta, mahai, aulki eta ispilu banarekin hornituta. «Zerbait gaizki irteten bada» ikusteko, esan du Markek (izen asmatua), zentroaren erabiltzaileetako batek.

Hemen «kontrolatu, musika jarri eta ez zaituzte presionatzen. Komun publikoetan presaz ibili behar da (…) aukera gehiago dituzu ziztada gaizki egiteko eta gaindosi bat izateko», azaldu du gazteak. Lan bila dabilen kaliforniar honek bere «lasaigarri eta opiazeoekiko» menpekotasuna murriztu nahi duela eta lan horretan bi urte daramatzala aitortu du.

Fentaniloa

Gelaren erdian dagoen altzarian xiringak, gomak, konpresak eta koloretako lastoak daude. Beste bi gela txikiagotan cracka erretzea baimenduta dago. Beste aldean, atseden gela bat dago, non telebista ikustea posiblea den.

OnPoint NYCko xiringa sorta bat. (Timothy A.CLARY/AFP)
OnPoint NYCko xiringa sorta bat. (Timothy A.CLARY/AFP)

Ziztatzeko gela? Erabiltzaile eta kudeatzaileek nahiago dute «gaindosiak ekiditeko zentro» terminoa erabiltzea. Izan ere, 2020an, pandemia bete-betean, 2.062 pertsona hil ziren New Yorken drogen gehiegizko kontsumoagatik. 2019an eta 2015ean, konparaketan, 1.500 eta 1.000 lagun hil ziren gaindosiengatik. Hortaz, urteak aurrera joan ahala, gero eta hiritar gehiago hiltzen ditu drogekiko neurrigabekeriak. AEBetan, orotara, 100.000 lagun hil ziren gaindosiak jota 2020ko eta 2021eko apirilen bitartean, urtebeteko tartean.

New Yorken gaindosiak eragindako heriotzen %77k fentaniloaren zigilua izan zuten atzean. Fentaniloa heroina eta kokaina nahasten dituen opiazeo sintetizatu bat da. «Denean dago», gaitzetsi du Sam Riverak, Onpoint NYCko zuzendariak. «Droga aztertzen dugun bakoitzean fentaniloa azaltzen da», gehitu du.

Begi bistako kontsumoa

Zentroa 2021eko azaroaren 30ean ireki zuten demokraten babesarekin. Kontsumo zentro bihurtu aurretik, zentroak droga kontsumitzaileak baldintza seguruetan artatu eta prebentzio programak eskaintzen zizkien. «Bagenekien gure parte-hartzaileek komunetan drogak kontsumitzen zituztela ahal zutenean (...) arazoa da bertan ixten zirela eta gaindosi kasuan lagundu behar genienean, gehiago tardatzen genuen», arrazoitu du  Riverak.

Europako antzeko proiektuekin alderatuz, guztien aurrean edo agirian lan egiteak «sekulako aldaketa» suposatu duela azaldu du Riverak. Alsane Mezon zentroko begiraleetako bat eta osasun langilea ere bada, beraz, beti dago prest norbait txarto sentitzen hasten baldin bada laguntzeko, zeina, bere esanetan, «gutxienez astean behin» gertatzen den. Kontsumitzaileak artatzeko, Menzonek oxigenoa du eskura, eta nahikoa ez bada, naloxona erabiltzen du, gaindosiaren aurkako antidoto nagusia. Zentroa ireki zenetik 130 bat gaindosi izan dituztela du Riverak.

Sam Rivera, OnPoint NYCko zuzendaria, lankide bat besarkatzen. (Thimoty A.CLARY/AFP)
Sam Rivera, OnPoint NYCko zuzendaria, lankide bat besarkatzen. (Thimoty A.CLARY/AFP)

Harlemgo zentroak ziztadez gain, zaintza medikuak, akupuntura, ikuztegia eta janari beroa ere eskaintzen ditu. Pertsona batzuk etxebizitza eta lana topatzeko laguntza jasotzen dute. Beste batzuk, nahiz eta jada droga-menpekotasuna gaindituta izan, «kafea hartzera edota pelikula bat ikustera» etortzen direla nabarmendu dute zentroko arduradunek.

Gaindosien izurriak eta hildakoen kopuruak, ziztatzeko zentro hauen inguruko eztabaida suspertu du EAEn. Izan ere, zentro hauek, teorian, debekatuta daude maila federalean, baina prebentzioa hobetzea dute helburu. Hala ere, guztiek ez dituzte zentro hauek babesten. Izan ere, senatari errepublikanoek aurrekontu federalarekin «crack pipak» finantzatu nahi dituela leporatu diote Joe Bideni, AEBetako presidenteari.

Iritzi kontrajarriak

Harlem auzoko agintariek luzamendu bat eskatu zuten 2021eko martxoan droga kontsumitzaileei zuzendutako zentro hauen harira. «Ez da enpatia falta. Gutako askok, gure familiek, drogen eta gaindosien ondorioak sufritu dituzte», justifikatu da bertako presidentea den Xavier Santiago.

Santiago beldur da zentro berriak ez ote dituen kontsumitzaile berriak erakarri eta trafikoa handituko. Riverarentzat, aldiz, larrialdia da. «Agintariek ikerketa gehiago behar dituztela esaten dutenean, beldur izaten naiz. Denbora gehiago itxaron dugu jada», ohartarazi du.