NAIZ

Lan Ikuskaritzak Zarrakazteluko enpresa bat zigortu du istripu hilgarria ez jakinarazteagatik

Lan Ikuskaritzak zigortu egin du El Cenojal, S.L. enpresa, langile migratzaile baten lan istripu hilgarria ez jakinarazteagatik, LAB sindikatuak informatu duenez.

LABek istripu hilgarria salatzeko egin zuen elkarretaratzea. (LAB)
LABek istripu hilgarria salatzeko egin zuen elkarretaratzea. (LAB)

Lan Ikuskaritzak arau haustearen akta egin dio El Cenojal, S.L. enpresari, iazko irailaren 15ean gertatutako 62 urteko langile migratzaile baten istripu hilgarria garaiz eta behar bezala ez jakinarazteagatik.

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, eta salaketa jarri zuen, istripuaren lan izaera ikertzeko eskatuz. Arrazoia eman dio Lan Ikuskaritzak arau haustearen akta eginda.

«Ez zen trafiko istripu hutsa izan, lan istripu bat baizik», berretsi du sindikatuak ohar baten bidez. «Arturo Rojas Castaños langilearen heriotza ez zen zorte txarraren ondorio izan, pairatzen zuen esplotazio eta prekarietate egoeraren ondorioa baizik».

Enpresa eta mutuaren «jardun erabat higuingarria» deitoratu du sindikatuak. Lan Ikuskaritzak egiaztatu duenez, istripu hori ez zen lanekotzat kalifikatu, ezta lan-agintaritzari jakinarazi ere. Azkenik, istripu-partea Ikuskaritzaren bulegoetan sartu zen 2022ko otsailaren 4an, hiru egun lehenago enpresako bazkide eta administratzailea agertzera zitatu ondoren. «Hau da, arau-hauste bat egin zuten ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zutelako, langileen bizitzak ezer axola ez balu bezala. Eta ez zuten ezer esango LABek salaketarik jarri izan ez balu», azpimarratu du sindikatuak.

Langilea Figarolen bizi zen, Zarrakaztelutik bederatzi bat kilometrora dagoen herrian, eta, handik, Zarrakaztelura joaten zen bizikletaz. Handik, Erriberrira joaten zen autoz, han baitago tomatea jasotzen zuen finka. «Hori da Nafarroako landa eremuko lanak ezkutatzen duen benetako errealitatea. Bizitza eta lan baldintza prekarioak, askotan esplotazioan edo heriotzan amaitzen dutenak. Azken hori Arturo Rojasi gertatu zitzaion», nabarmendu du LABek.

Hala ere, istripuaren xehetasunak «argitu gabe» jarraitzen dutela gogoratu du sindikatuak. «Laneko arriskuen ebaluazioa bete den ala ez eta horren ondoriozko enpresa-erantzukizunak. Nafarroako Gobernuarekin batera, egoera horiei amaiera emateko neurri egokiak hartu gabe jarraitzen dute».