NAIZ

Uztailaren 1etik 3ra egingo da aurtengo EHZ, Irisarrin; lehen zita, martxoaren 26an Biarritzen

Euskal Herria Zuzenean festibala Irisarrira itzuliko da aurten ere, uztailaren 1etik 3ra 26. edizioa ospatzeko. Halere, ordura arte itxaron nahi ez dutenentzat lehen hitzordu bat jarri dute, martxoaren 26an Biarritzen antolatuko baitute ‘EHZ Udaberria’ ekimena.

Irisarrira itzuliko da aurten EHZ. Irudian, 2019ko festibalak utzitako une bat.
Irisarrira itzuliko da aurten EHZ. Irudian, 2019ko festibalak utzitako une bat. (Bob EDME)

Antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, azken bi edizioetan bezala Irisarrira itzuliko da aurten Euskal Herria Zuzenean festibala, uztailaren 1etik 3ra ospatuko baitute 26. edizioa. 

Gogoratu dute iazko edizioa, testuinguru berezia izan arren, arrakastatsua izan zela Irisarrira hurbildu ziren ehunka laguntzaileei eta jaialdian parte hartu zuten milaka pertsonei esker. «Festibalaren mende laurdena behar den bezala ospatu genuen», nabarmendu dute. 

26. edizio honi begira, dozena bat batzordetako kideak lanean ari dira dagoeneko hitzordu «ahaztezin» bat prestatzeko: : nazioarteko eta Euskal Herriko artistak, partaidetza berriak, ikusgarriak, mintzaldiak... Datozen asteotan joango dira xehetasun gehiago ematen.

Martxoaren 26an Biarritzen 

Uztaila oraindik urrun dagoela jakinda, ordura arte itxaron nahi ez dutenentzako hitzordua prestatzen ari dira: martxoaren 26an Biarritzen ospatuko duten ‘EHZ Udaberria’ ekimena. Arratsaldeko 17.00etan Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako ‘Altsasu (gau hura)’ dokumentala proiektatuko dute Le Royal zinema aretoan, eta ondoren solasaldia egongo da Arzallusekin.

Poteo alaitu batek emango dio segida egitarauari eta gaualdia Mizanbu gaztetxean amaitzeko. «Arratsean zehar zenbat sorpresa ere izanen dira», antolatzaileek aurreratu dutenez.