NAIZ

Yvan Colonna preso korsikarra koma egoeran, Arlesko espetxean eraso bortitza pairatu ostean

Yvan Colonna preso korsikarrak eraso larria pairatu du Arlesko espetxean beste preso baten eskutik. Ondorioz, egoera larrian erietxera eraman dute. Bera «itotzen saiatu» direla eta Marseillako ospitalean koma egoeran dagoela baieztatu du Tarasconeko fiskalak.

Yvan Colonnaren aldeko afixa Cargese bere jaioterrian.
Yvan Colonnaren aldeko afixa Cargese bere jaioterrian. (Stephane AGOSTINI | AFP)

Yvan Colonna preso korsikarra bizitza eta heriotzaren artean dago. 61 urteko presoa biziarteko kartzela zigorra betetzen ari da Arlesko espetxean.

«Erradikaliazioaz» akusaturik den preso batek bortizki eraso egin dio asteazken goiz honetan, Colonna presondegiko kirol aretoan zelarik.

Tarasconeko prokuradoreak arratsaldean azaldu duenez presoa «itotzeko saiakera» izan da. Kartzelan «berehala» artatua izan zela eta Arlesko erietxea eraman zutela azaldu du. Bere osasun egoera oso larria izanik Marseilara eraman zuten ondoren.

Presoa koma egoera dela Marseillako erietxean baieztatu du Laurent Gumbauk. Prokuradorearen arabera kartzelako zerbitzuak egiten zituen ustezko erasotzaileak Colonna bakarrik zegoela kirol gelan burutu zuen erasoa.

«Bere bizitza arriskuan da, konortea galduta eta pultsoa oso ahul eraman dute erietxera», baieztatua zuen, eguerdiaz geroztik, presoen eskubideen defentsan jarduten duen Sulidarita elkarteak bere web orrialdearen bidez.

France3 Corse telebista kateak baieztatu duenez, presoa «egoera larrian eraman dute  ospitalera». Hedabide horrek zabaldu duen bertsioaren arabera, ustezko erasotzailea –muturreko islamiar bat– Colonna itotzen saiatu da kirol eremuan.

LCI kateak hainbat xehetasun eman ditu presoari buruz: Bi urtez (2012-2014) Afganistango Bagram espetxean igaro ostean estatubatuarrek frantsesen esku utzi zuten pertsona hori.

Abokatuek heriotza gezurtatu dute

Polizia iturriek erasoa izan dela aitortu dute ‘Corse Matin’ kazetari eginiko adierazpenen bidez. «Polizia Judizialak hilketa saikerarengatik ikerketa zabaldu du», gehitu du aipaturiko iturriak.

‘Le Parisien’ egunkariak presa hilda legokeela plazaratu du Poliziaren iturriak aipatuz. Alta, medikuek ez dutela baieztatu albiste hori gehitu du ondoren. Arnasgailu artifiziala jarri diotela «bizitza eta heriotzaren artean» legokeen presoari azaldu du egunkariak.

Bestalde, Sylvain Cormier abokatuak Twiter bidez 14.30ean jakitera eman duenez, «Yvan Colonna reanimazioan dago». Gehitu duenez, «espetxe administrazioak emandako informazioaren arabera Yvan Colonna hil denik gezurtatzen dugu Stella Canava eta biok».

Gaur egun preso korsikarraren defentsa abokatuak dira Cormier eta Canava.

Biziarteko kartzela zigorra

1998ko otsailean gertatu zen Claude Erignac prefetaren hilketa egotzita espetxeratu zuten Yvan Colonna, nahiz eta presoak betidanik errefusatu duen atentatu horretan parte hartu izana.

Colonna 2003an atzeman zuen frantses Poliziak lau urteko ihesaldiari bukaera emanez.

2007an epaiketa egin zioten. Biziarteko kartzela zigorra eman zioten. Bi urte beranduago zigorra berriz ere aztertu zuen dei auzitegiak. 22 urte kartzelan igarota baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera hobetsi zuen biziarteko kondena baieztatu zuen auzitegiak.

2011n helegitean emandako aurreko ebazpena bertan behera utziz, hirugarrenez biziarteko kartzela zigorra berretsi zioten Colonnari, segurtasun epea ezarri gabe, hau da, baldintzapeko askatasunean ateratzeko aukera ezabatuz.

Estatu frantsesaren ardura

Korsikako presidente Gilles Simeonik adierazi duenez, Estatu frantsesak «erantzukizun handia» du jazotakoa ez litzatekeelako gertatuko presoak «hurbiltzeko eskubidea aplikatu izan balitz».

Azaldu duenez, Gobernu frantsesak «behin baino gehiagotan» jaso du halako arriskuen berri eta, gainera, «sistematikoki» egin dio uko presoen hurbilketarako eskubidea aplikatzeari, «aitzakia arbuiagarriekin».

Macroni eskaera zehatza

Mediterraneoko uhartean eragile politiko eta gizarte eragileek urteak daramatzate preso korsikarra Borgoko espetxera eramatea eskatzen.

Are, Colonna familiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen Emmanuel Macron frantziar presidenteak.

Korsikan bisitan zelarik, 2018ko otsailaren 6an, Stephanie Colonna, presoaren emaztea, Aiacciuko karrika batean frantses agintariengana hurbildu zen.

Stepahie Colonnak pertsonalki galdetu zion, 2018ko otsailaren 6an, Aiacciun bisitan zen Macroni bere senarra Korsikara lekualdatzea. (Europe 1)

Presoaren egoera zein zein laburki azaldu eta bere senarra Korsikara eramateko jardun zezala eskatu zion Macroni.

DPS edo segurtasun bereziko estatutupean dago Colonna Arlesko espetxean. Berriki bera bezala Erignac kasuan biziarteko kartzela zigorra jaso zuten bertze bi presori, Alain Ferrandiri eta Pierre Alexandriri, zigor hori kentzearen alde azaldu zen Frantziako Giza Eskubideen Liga.