NAIZ

Alavesek eta Sevillak bolada onei jarraipena eman nahi diete, baina helburu ezberdinekin

Gasteiztarrek jaitsiera postuetatik ateratzen hasi nahi dute behingoz, baina aurrean izango duen taldeak, bigarren sailkatuak alegia, Liga irabazteko lehian sartu nahi du berriro ere.

Gonzalo Escalante zelai erdirako bikote bila dabil, Mamadou Loum eta Tomas Pina baja direla.
Gonzalo Escalante zelai erdirako bikote bila dabil, Mamadou Loum eta Tomas Pina baja direla. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mendizorrotzak zeharo denboraldi ezberdinak egiten ari diren bi taldeen arteko partida hartuko du ostiral honetan (21.00). Alde batetik Alaves egongo da, zeinek jaitsiera postuetatik alde egin nahi duen behingoz; eta bestetik, Sevilla, oraingoz Real Madril liderraren itzala jarraitzen dagoen bakarra, nahiz eta sei puntura egon.

Gasteiztarrek garaipenak batzen hasi behar dute jada. Andaluziarren aurka irabazita, oraindik ez lukete sailkapeneko postu arriskutsu horiek aldenduko, Cadizekin 21 puntura berdinduta baitaude eta Granadak –Lehen mailan mantentzeko azken postua duenak– lau puntu gehiago ditu.

Sevillaren aurkako partida final bat den galdetuta, Mendilibarrek ez du hitz hori erabili nahi izan. «Partida garrantzitsu bat da. Hor gaude atzean, hiruzpalau puntura. Asmoa da irabaztea eta ea besteek zer egiten duten, jakinda oso zaila izango dela partida, oso talde ona da Sevilla. Etxean partida guztietan lehiatu gara; lehenengo partida ona egin behar dugu, ondoren irabazteko», azpimarratu du prentsaurrekoan.

Getafen maila ona emanda bueltatuko dira Mendizorrotzara babazorroak. Coliseum Alfonso Perezen berdinketa lortu eta gero –Mendilibarren lehen opuntua etxetik kanpo–, Sevilla hartuko dute etxean, baina arabarrei golak sartzea falta zaie. Egia da Joseluk 12 gol daramatzala denboraldi honetan, baina taldeak gol gehiago sartzeko aukerak egiten ari da.

Jose Luis Mendilibarrek hiru baja ziurtatu ditu ostegun honetan eman duen prentsaurrekoan: Mamadou Loum –zigortuta–, Tomas Pina –lesio txiki bat du– eta Martin Agirregabiria –«gau oso txarra pasa du eta ez du gorputza jokatzeko», adierazi du Mendilibarrek).

Ikusita zelai erdiko bi jokalarik ezingo dutela Sevillaren aurka jokatu, baliteke entrenatzaile babazorroak sistema aldatzea. Hau da, azken neurketetan zelai erdiko hiru jokalarirekin aritu da, eta bihar hori alda lezake.

Laguardia eta Lejeune atzean arituko dira, Nahuel Tenaglia argentinarra eskuineko hegalean eta Duarte ezkerrekoan arituko direlarik. Toni Moya eta Pere Pons zelai erdian jokatzeko hautagaiak dira, Gonzalo Escalanteren ondoan aritzeko. Eskuinean, Jason Remeseiro arituko da, ezkerrean Luis Rioja, eta Manu Vallejo Joseluren bikotea izan liteke aurrean.

Behin sistema pentsatuta, Mendilibarrek gauza bat argi du: «Dena ondo egin behar dugu. Beraiek oparirik ez dute egiten. Defentsan ondo egon behar dugu; beraiek aukera asko agian ez dituzte egiten normalean, baina hain jokalari onak ditu, aukera bat eginda, sartu egiten dutela. Bestalde, atzean bi partida ez dituzte ondo jokatu; Athleticen aurka, adibidez, opari batzuk egin zituzten, baina normalean oso ondo egoten dira atzean».

Sevilla, baja askorekin baina morala goian

Baliteke momenturik onena ez izatea Sevilla hartzeko. Julen Lopetegiren taldeak partida eta emaitza onak lortzetik dator –Betisen aurkako derbia 2-1 irabazi zuen Sanchez Pizjuanen– eta Liga irabazteko lehia horretan berriro sartu da. Sei puntura du Real Madril liderra, zeinek jardunaldi honetan Reala jasoko duen Santiago Bernabeun, eta atzetik zortzi puntuko aldea ateratzen dio hirugarren sailkatua den Betisi.

Lopetegiren taldea etxan sendoena da, baina etxetik kanpo jokatzen duenean gauzak aldatzen dira. Egia da ez dituela emaitza txarrak eskuratu, baina hiru neurketa jarraian daramatza irabazi gabe. Sevillatik urrun Ligan jasotako azken porrota azaroaren 28an izan zen, Santiago Bernabeun (2-1).

Ondoren, Bilbon eta Cadizen irabazi zuen, bietan 0-1 emaitzarekin, eta Valentzian (1-1), Iruñean (0-0) eta Espanyolen etxean (1-1) berdindu zuen, Ligara berriro engantxatzeko.

Hori bai, Lotepegik jokalari ugari izan ditu bajan azken asteetan, covida, zigorrak, lesioak edota selekzioekin jokatu behar izan dutenekin tarteko. Esaterako, Alejandro 'Papu' Gómez, Diego Carlos eta Anthony Martial duda dira biharko, eta baita luzerako lesio batetik atera berria den Erik Lamela zelai erdiko jokalaria. Karim Rekik eta Suso Fernandez lesionatuta daude baita ere.

Bai bueltatuko dela eskuin hegalera Jesus Navas kapitaina, hiru hilabete eta erdi zelaietatik kanpo egon ostean. Jules Kounde atzelaria eta Lucas Ocampos hegal aurreratua ere prest daude jokatzeko.