NAIZ

David Basterot, munduko pala motzeko txapelduna hil da Landetan 43 urte zituela

2018ko Bartzelonako Munduko txapelketan urrea zintzilikatu zuen Dan Necol, Sylvain Brefel eta Lucas Hourçorigarayrekin batera. Kide eta ezagunek bere izaera alai eta argia nabarmendu dute.

David Basterotek urrezko domina jantzi zuen Bartzelonako munduko txapelketan.
David Basterotek urrezko domina jantzi zuen Bartzelonako munduko txapelketan. (DR)

Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, Frantziako Euskal Pilota Federazioak David Basterot, pala motzeko munduko txapeldunaren heriotzaren berri eman du. 42 urte zituen pilotaria Landetako Biaudos herriko bere etxean hil zen atzo eta orain gutxi pilota utzi bazuen ere, 2018ko Munduko Txapelketan urrea zintzilikatu zuen Dan Necol, Sylvain Brefel –biak Innpalarekin profesionalak izatera heldu dira– eta Lucas Hourçorigarayrekin batera. 2009tik aurrera Biarritztarrak klubean aritu zen pilotan, Saint-Martin de Seignanx utzi ostean.

Berria ezagutu eta gero, ugariak izan dira erreakzioak, eta gehienek bere izaera alaia eta adar jotzailea nabarmendu dute. Esaterako,  pilotaria eta Frantziako Federazioko presidente ordea den Claire Dutaret-Bordagarayk, gogoan izan du Basterotekin batera egindako «broma eta barreak, baina baita kontsolamendu hitz egokiak haren beharretan ginenean». Munduko Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubonek, bere aldetik idatzi luze bat argiratu zuen eta bertan nabarmendu zuenez, «pilotaren munduak errespetu handia zion, baina baita laguntasun eta maitasuna ere. Denek emozioz gogoratu dugu gure David Basterot bere izaera alaiarengatik, adar jotzaile hutsa zen, beti irribarre zabal bat ahoan zuena, baina era berean beti oso buru argia izan du».

Agur hunkituak

Bi seme utzi ditu Basterotek eta bere adiskide izandako Sylvain Brefelek ere emozioz beteriko hitzak izan ditu berarentzat. «Ezagutuko genituen gerrak non inork ez zuen zure adorerik izango. Nire anaia izaten jarraitzen duzu munduko txapeldun izarra. Zauden lekuan zaudela, zu eta zure familia beti gogoan izango zaitugu»