NAIZ
Pasaia

Miquel Iceta ministroa Pasaiako Albaola Itsas Faktorian izan da proiektua babesten

Miquel Iceta espainiar Kultura ministroa bisitan izan da ostegun honetan Pasaian, Denis Itxaso EAEn Gobernu espainolaren ordezkariarekin eta Izaskun Gomez Pasaiako alkatearekin batera, Albaola Itsas Faktoria ezagutzeko.

Miquel Iceta espainiar ministroa Albaola Itsas Kultur Faktorian izan da.
Miquel Iceta espainiar ministroa Albaola Itsas Kultur Faktorian izan da. (ALBAOLA)

Miquel Iceta espainiar Kultura ministroa Albaola Itsas Faktoria bisitatzen izan da. Izaskun Gomez Pasaiako alkateak Albaolak «itsas ondarearen eta kulturaren artean duen lotura» azpimarratu du, eta adierazi du ministroaren bisita «babes garrantzitsua» dela Albaolak itsas kultura eta ondarea babesteko egiten duen lana indartzeko.

Bestalde, Icetak adierazi du «ohorea» dela «ondarearekin, kulturarekin, ohiturak berreskuratzearekin eta ekonomiarekin zerikusia duen proiektu bat ezagutzea».

«Badakit Pasaia oso eraldaketa prozesu garrantzitsua bizitzen ari dela. Duela hamarkada batzuetako industriak ez daude jada eta, orain, industria berriak heltzen ari dira eta helduko dira. Horrekin batera, Pasaiak badu bere ondarea, kultura eta itsas historia eta tradizioa eskaintzeko gogoa eta ahalmena», adierazi du.

Kultura ministroak Pasaia eta bere badiako proiekzioari «ahal den neurrian» laguntzeko borondatea adierazi du, baita «ahanzturan erori ezin diren tradizioak eta ondare kulturala berreskuratzen ere».

Albaola Itsas Kultur Faktoria euskal itsas teknologia berreskuratzeko eta dagokion balioa emateko den espazio berritzailea da, eta itsasontzi historikoen eraikuntza da bertako jardueren ardatza.

Helburua euskal itsas ondarea ezagutzera ematea da eta honako osagaiek osatzen dute: nazioarteko ontzigintza tradizionaleko eskola, nabigazio eskola, itsas modelismo tailerra, Irrien Lagunen txokoa, itsas antzokiko arte eszenikoen programazioa eta Auzolan boluntario taldea.