NAIZ

Estatu mailako plataforma sortu dute Haurrak Ere Baik eta beste elkarte batzuek

Eskoletan maskara erabileraren derrigortasunaren aurka dagoen Haurrak Ere Bai elkarteak indarrak batu ditu Maskareta al pati no eta Enveupropia elkarteekin plataforma bat osatzeko. Hala, sinadurak biltzen hasi dira Zaragozako Osasun Sistemaren Kontseiluan euren kezkak helarazi ahal izateko.

 Euskal elkarteak egindako protestetako bat. (Haurrak Ere Bai)
Euskal elkarteak egindako protestetako bat. (Haurrak Ere Bai)

Haurrak Ere Bai familia sareak bat egin du Maskareta al pati no (Balear Uharteak) eta Enveupropia (Katalunia) taldeen proposamenarekin Haur eta Nerabeen Aldeko Plataforma sortzeko.

Datorren martxoaren 10ean Zaragozan egingo den Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren hurrengo bilerari begira, haur eta nerabeen eskubideak defendatzen dituzten Estatuko hainbat taldek bat egin dute «adingabeen eskubideak eta duintasuna berehala berrezartzeko eskatzeko». Alegia, eskoletan maskara erabiltzearen derrigortasuna bertan behera uztea eskatzen dute.

«Estatuko Pediatria Elkarteak eta hainbat erkidegotako elkarteek jarrera argia eta irmoa erakutsi dute: ikastetxeetan kanpoaldean eta barrualdean maskara nahitaez erabili beharra berehala kentzeko eta egungo protokoloa bertan behera uzteko eskatu dute. Baina osasun eta hezkuntza-erakundeek eskaera hauek oraindik ez dituzte kontuan hartu, nahiz eta adituak izan. Jarrera hau oso zabarkeria larria iruditzen zaigu, covid-19 dela eta, adingabeentzat ezarritako neurrien kalteak onurak baino handiagoak direla frogatu denean», salatu dute taldeek.

Haur eta nerabeei aplikatutako neurriek eragindako kalteak sendatzeko beharrezkoak diren erreparazio-tresnak aplikatzeko eskatu nahi dituzte Zaragozako bileran, eta jendearen babesa jasotzeko webgune bat jarri dute sinadurak lortzeko asmoz.

Haurrak Ere Bai hilabeteak daramazki eskoletako patioetan maskara erabili behar izatearen derrigortasuna salatzen, bizitzako beste egoera batzuetakin konparatuz zentzurik ez duela uste baitute. Izan ere, parkean jolasteko haurrek ez dute zertan maskara eraman behar, eta askotan eskolatik ateratzean bertan elkartzen dira ikaskideekin. Hori dela eta, «zuhurtziaren eta haurren beharren arteko oreka» bilatzeko eskatzen dute.