NAIZ

Usurbildarrak, elkarlanean, urrats praktiko eta sendoekin 2023an zaintza eredu berria ezartzeko

Parte-hartze prozesuaren lehenengo fasean, pertsona ardatz duen arreta ereduaz hausnartu eta horren bueltan eraiki beharreko ekosistema definitu dute usurbildarrek. Orain, hori gauzatzeko bide orria prestatuko dute, 2023an «urrats praktiko eta sendoak egiten hasteko, eraldaketara bidean».

Ezkerretik eskuinera, Miren Aranguren (Emagin), Maider Makazaga (DYA), Beatriz (komunitatea), Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, Rosa eta Maria (erabiltzaileak), Ainara Tomasena (Matia) eta Maria Salsamendi (Udaleko berdintasun teknikaria).
Ezkerretik eskuinera, Miren Aranguren (Emagin), Maider Makazaga (DYA), Beatriz (komunitatea), Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, Rosa eta Maria (erabiltzaileak), Ainara Tomasena (Matia) eta Maria Salsamendi (Udaleko berdintasun teknikaria). (Maialen Andres. | Foku)

Gaur egun eremu pribatura mugatzen da zaintza eredua, eta hori eraldatzeko asmoz, parte-hartze prozesu bat abiatu zuten iaz Usurbilen. Lehendabiziko fasea amaitu dute eta gakotzat jo dituzte zaintzak pertsonaren nahi eta desioetan oinarritzea, lotura afektibotik zaintzen dutenen zaintza bermatzea, zaintzaile profesionalen lan-baldintza duinak bermatzea, erantzukidetasuna, komunitatearen inplikazioa, eragileen arteko koordinazioa eta erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea.

Behin ekosistema berriaren oinarriak finkatuta, hori martxan jartzeko bide orria prestatuko dute datozen lauzpabost hilabeteetan. Udazkenean esku artean izan nahi dute, 2023an lehen pausoak emateko.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea eta prozesua mamitu duen talde eragilearen zenbait ordezkari izan dira ostiral honetako prentsaurrekoan: Matia Institutuko Ainara Tomasena, DYAko ordezkari Maider Makazaga, Emagin Elkartea, zaintza behar duten bi adineko eta komunitateko kide bat.

Lehenengo fasea, amaitu berri

Parte-hartze prozesuaren lehenengo fasean, Usurbilen eraiki beharreko ekosistema definitu dute, baita ekosistema horren parte diren zerbitzu, ekipamendu eta eragileak zehaztu eta bakoitzaren gaineko diagnostikoa osatu ere.

Ainara Tomasena Matia Institutuko kidea da. Azaldu duenez, zaintzaren inguruko hausnarketa sakona egin dute hilabete hauetan. «Usurbilen zer zaintza eredu nahi dugun eta nolako zaintza-ekosistema sortu nahi dugun irudikatu dugu». Orokortua den eredua da nagusi Usurbilen ere: «Gaur egungo ereduak zaintza eremu pribatura mugatzen du, eta zaintzaren karga hein handi batean familiaren gainean erortzen da, honek dakarkien karga, pisu eta estresarekin».

Zaintza mota hori, gainera, zerbitzuetan oinarritua dago, Tomasenaren esanetan, eta hori aldatzeko beharra nabarmendu du: «Hau da, pertsona horrek behar dituen zerbitzuen kudeaketan oinarritzen da egungo zaintza eredua, eta horrek guztiak eraldaketa bat behar du: pertsona erdigunean jarriko duen eredu bat behar dugu, zaintza eremu publikora atera eta komunitate osoa inplikatuko duena».

Zenbait gako mahai gainean

Zaintzaren inguruko definizio partekatu bat osatu, eta zaintzarekin zerikusia duten herriko eragile, zerbitzu, programa eta topaguneen mapaketa egin dute; zaintza-ekosistema bat irudikatu dute horiekin guztiekin, baita AMIA analisia egin ere (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahuleziena). Egindako lana herritarrekin elkarbanatu eta beste leku batzuetako esperientziak ezagutzeko saioa egin dute, horiengandik «ikasi eta ideia berritzaileak eskuratzeko».

«Pixkanaka» landu beharreko zenbait gako jarri ditu mahai gainean zaintza-ekosistemaren prozesuak, besteak beste, pertsonaren nahi eta desioetan oinarritzea, lotura afektibotik zaintzen dutenen zaintza, zaintzaile profesionalen lan-baldintza duinak bermatzea, erantzukidetasuna, komunitatearen inplikazioa, eragileen arteko koordinazioa eta erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea.

Usurbil herri zaintzailea izateko erronka mahai gainean dago, eta, Tomasenak azpimarratu duenez horretarako «ezinbestekoa izango da herritarren partaidetza eta denen lankidetza».

Pertsona erdian, eta erpin ezberdinak aintzat

DYAren ordezkari gisa parte hartu du Maider Makazagak prozesuan, eta bere esperientziaren berri eman du: «Niretzat oso prozesu aberatsa izaten ari da, bi arrazoirengatik. Batetik, prozesuaren abiapuntuan pertsona jarri delako, eta, bestetik, lanketa hau egiteko zaintzaren erpin desberdin horiek guztiak kontuan hartu direlako».

Makazagaren ustez, gakoa da hori halako prozesu bat arrakastatsua izateko. «Denok daukagu zeregina eta zeresana gai honetan: batzuetan zaintzaile izango gara, eta beste batzuetan zaintza beharko dugu. Baina, gainera, ezin dugu soilik zaintzaileen eta zainduen arteko harreman hutsean zentratu, beharrezkoa da eragile guztiak inplikatzea. Esan bezala, abiapuntua bera oso aberatsa izan da, eta nabaritu da prozesuaren garapenean».

Bigarren fasea: bide orriaren prestaketa

Hurrengo lauzpabost hilabeteetako zeregina ekosistema berria ezartzeko bide orria prestatzea izango da. Solaberrietak jakinarazi duenez, horretarako egin beharreko lanak ugariak dira, eta horrek lehentasunak jartzera eraman ditu. Hiru eremuri emango diete garrantzia: etxez etxeko zerbitzuaren eraldaketari; oinarrizko gizarte zerbitzuen eraldaketari, arreta eredu berria ardatz hartuta; eta Usurbilgo zaintza ekosistema sortzeko eta abian jartzeko prozesua ebaluatzeari.

Helburu horiek gauzatu ahal izateko, prozedura metodologikoa egokitu, eta talde operatibo berezituak sortuko dituzte, beste behin ere, zaintzaren ertz guztien parte-hartzea bermatzeko. Zehazki, lau talde izango dira, eta bakoitzak bere gai eta erritmo propioak izango ditu: zerbitzuak (enpresetako ordezkariak, langile profesionalak zein etxeetan lanean ari direnak); erabiltzaileak (zaintza behar dutenak eta haien senideak); gizarte zerbitzuen lantaldea eta komunitatea edo herritarrak. Prozesuan parte hartzea errazteko, etxez etxeko zaintza zerbitzua eskainiko die Udalak senideei eta etxeetan lanean ari diren langileei, nahiko balute, prozesuan parte hartu ahal izateko.

Matia eta Usurbilgo Udala: urte luzeetako elkarlana

Duela urtebete abiatu zuten Udalak eta Matia Institutuak, elkarlanean, zaintza ereduaren inguruko parte-hartze prozesua, zaintza ekosistema berri bat diseinatu, eraiki eta martxan jartzeko helburuarekin. Urte luzeetakoa da, ordea, bi erakundeen arteko elkarlana eta areagotu egin da Matia Kalezarren eraikitzen ari den berrikuntza zentroaren eta zaintzadun etxebizitzen auzunearen proiektuarekin. Kalezarko zentroa proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, alderdi sozialetik zein hirigintzatik. Adineko pertsonei zuzendutako arreta eredu berri bat jarriko du praktikan Matiak bertan, halabeharrez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko.

Galdeketak egiten direnean, %90ak hala aipatzen du: zaintza beharra izanda ere, etxean bizi nahi duela. Zer eta nola egin nahi hori betetzeko? Pertsonaren bizi-proiektuan hausturarik ez eragitea da zaintza-eredu berri bat birpentsatzeko gakoetako bat, bizitza duina ahalbidetuz. Hala nabarmendu du Solaberrietak: «Pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien ibilbide eta koordinazio soziosanitarioa ahalbidetu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da zaintzak zerbitzuen osotasunetik ematea».