Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Hezkuntza proposamenak derrigor jaso behar dituen puntuak, Hezkuntza Plazara taldearen aburuz

Hezkuntzaren sektore zabaleko norbanako eta eragileak biltzen dituen Hezkuntza Plazara plataformak bere proposamenak eman ditu aditzera larunbatean Hernanin. Hezkuntza Legeak derrigor jaso behar lukeen zazpi puntu agertu ditu, tartean, euskara, segregazioaren amaiera edo sistemaren publifikazioa.

Hezkuntza Plaza taldearen kideak gaur Hernanin.
Hezkuntza Plaza taldearen kideak gaur Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Hezkuntza Plazara plataformarekin bat egiten duten ehun lagun inguru, tartean irakasleak, gurasoak, ikastetxeetako langileak edo aisialdi taldeetako begiraleak, Hernanin batu dira larunbat eguerdian, Euskal Herriko Hezkuntza Akordioaren inguruko proposamenak konpartitzeko. Bileraren ostean, prentsaurrean nabarmendu dute zirriborroak berritzea behar duela eta datozen erronka handiei «herri bezala» erantzuteko deia luzatu dute.

«Erronkak ez dira makalak: pandemiak ziurgabetasun eta aldaketa arloan bete-betean sartu gaituela esan genuen 2020an. Inoiz ez bezala, azken ikasturteak agerian utzi dute gure hezkuntza sistemek zer nolako egiturazko arrakalak dituzten», ohartarazi du Asier Etxenike bozeramaileak Hernaniko Biteri Kultur Etxean.

Hori dela eta, Hezkuntza Plazara osatzen duten kideek eraldaketarako hautua egin dute, beraien aburuz ez baita aukera bat «gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiteak emaitza ezberdinak eman dezakeela pentsatuz», Nora Salbotxek agerraldian esan bezala.

Eraldaketa hori sustatu eta datozen erronka handiei erantzuteko ezinbestekoa deritze «herri bezala» jardutea: «Euskal herritar guztiok euskal hezkuntzarekiko ardura gure eskuetan har dezagun eta norabide berean arraun egiteko deia egiten dugu. Balia dezagun Euskal Herrian urteetan hezkuntza komunitateak sare ezberdinetatik egindako lan-eskerga jauzi bat egiteko gaur sistemaren eraldaketarako norabidean».

Falta ezin diren zazpi puntu

Hezkuntza sektorearentzako garai bereziak direla azpimarratu dute, Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen zirriborroa eztabaidatzeko aldia dela eta. Ostiralean amaitu zen zuzenketak aurkezteko epea.

Bada, Hezkuntza Plazara plataformak ere egin dizkio proposamenak aipatu zirriborroari. Plataformaren iritziz legeak derrigor jaso behar dituen zazpi puntu aurkeztu ditu Nora Salbotxek, eta alderdi politikoei exijitu gutxieneko hauekin bat egin dezaten.

Hasteko, hezkuntzarako eskubidea bermatzea aldarrikatu dute, euskalduntzea, inklusioa, aukera berdintasuna eta doakotasun erreala bermatuko duen Hezkuntza Sistema Publikokoa sustatuz.

Inklusiorako eskubidea bermatu eta jatorri, egoera sozioekonomiko, genero zein besteako arrazoiengatik sortutako segregazioa gainditzeko neurriak hartzea ere jasotzen du plataformaren proposamenak.

Euskalduntzeko eskubidea jasotzen du hirugarren puntuak. Euskara ardatz izanik ikasle euskaldun eleanitzak heztea helburu izango duen hezkuntza eredu orokortuaren alde agertu dira, EH Bilduren proposamenarekin bat eginez.

Bestetik, metodologia eta pedagogia iraultzea eskatu dute, ikasleen eskubideak errespetatuz eta hauek subjektu aktibo bilakatu daitezen. Eta, bide, beretik, burujabetza teknologikoan aurrera egitea babestu dute.

Ikastetxeen autonomia errespetatzea ere ezinebestekoa deritze, eskola komunitatearen antolaketa eta kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea gauzatzeko. «Udalek, eragileek eta herritarrek hezkuntzan parte hartuz herri hezitzailea garatzea», nabarmendu du Salbotxek.

Bide beretik, komunitate osoaren elkarlanaren bitartez, hezkuntza publikorako bidea egitea aldarrikatu dute.

Hau guztia posible izan dadin, halaber, beharrezkoa deritze herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea izatea, «sistema propio baten norabidean urrats berriak borrokatzeko eta lortzeko».

Hezkuntza Plazara plataformak jada agertu du asmoa euskal hezkuntza sistema eraikitzeko. Momentuz, 250 lagunek babestu dute plataformaren Hezkuntza Deialdia. Gainontzekoei ere parte-hartzeko gonbitea egin diete agerraldian.