NAIZ

Ehun langiletik gora dituzten enpresen heren batek soilik egin ditu berdintasun planak EAEn

2021etik aurrera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan ehun beharginetik gora zituzten enpresa guztiek berdintasun planak aurkeztu behar zituzten Lan eta Enplegu sailean. Hala ere, urtebete beranduago, Lakuak aitortu du enpresen heren batek soilik egin dituela.

2019an egindako soldata arrakalaren kontrako manifestazioa.
2019an egindako soldata arrakalaren kontrako manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2021ean sartu zen indarrean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan ehun langiletik gora kontratatuta zituzten enpresek gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak diseinatzeko derrigortasuna. Hala ere, Lan eta Enplegu sailak astelehen honetan, emakume langilearen egunaren bezperan, aitortu du orain arte enpresen heren batek soilik aurkeztu duela galdegindako berdintasun plana. Alabaina, Lakuak jakinarazi du are gehiago zabalduko duela exijentzia eta, astearte honetatik aurrera, 50 eta 100 langile bitarteko plantillak dituzten enpresei ere berdintasun planak eskatzen hasiko dela.

Zehazki, urtebeteko tartean, 289 plan erregistratu dira Lakuako Lan eta Enplegu sailean, eta beste 28 izapidetzen ari dira, hau da, 317 plan guztira, baina Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan ehun beharginetik gora dituzten 1.000 enpresa inguru daude. Zifren aurrean, Elena Perezek, Lan eta Enplegu sailburuordeak, onartu du kopuru hori ez datorrela bat EAEko errealitate enpresarialarekin.

Testuinguru honetan, Perezek iragarri du Lakuak ikuskapen kanpainak indartu eta genero eraginari buruzko txostenak prestatuko dituela: «Sentsibilizazio faltako kasuak egoteaz gain, eta Euskaditik kanpoko lantokiak izateagatik beraien planak Ministerioan erregistratu dituztenak hemen ez agertzeaz gain, berdintasun batzordeetako kideen prestakuntza eta trebakuntza falta ere badago. Horregatik, ikuskapen kanpainak indartzeaz gain, Sailak genero eraginari buruzko txostenak egiten ditu hitzarmen kolektiboetan».

Martxoaren 8tik aurrera, Urkulluren Exekutiboak 50 eta 100 langile bitartean dituzten konpainietara zabalduko da berdintasun planen derrigortasuna. EAEn tamaina horretako 1.074 enpresa daude, eta Lakuak ohar baten bidez azaldu duenez, 50 bat ikuskarik bermatuko dute enpresek berdintasun planak prestatzen dituztela.

Beharginen erdia

Ehun langile baino gehiago dituzten 1.074 lantokiei 50 eta 100 behargin bitarteko EAEko enpresak gehitzen bazaizkie, guztira 1.998 izango dira berdintasun planak aurkeztera behartuta egongo diren enpresak. Eustaten arabera, ia 2.000 konpainia horiek EAEko enpresa guztien %1,31 suposatzen dute, baina 462.822 pertsonari ematen diete lana, hau da, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako langileen %50,89ari.

Dena den, sailburuordeak azpimarratu du enpresa guztiak behartuta daudela beraien lantokian emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna bultzatuko duten neurriak sartzera: soldata arrakala abolitzea bultzatzen duten tresnak, soldata erregistroaren gaineko betebehar orokorra eta ordainsarien gardentasunarena, besteak beste.