NAIZ

Hamabost euskal ekoizpenek hartuko dute parte Nanteseko zinemaldian

Euskal Herrian ekoiztutako bost film luze, bederatzi labur eta telesail bat proiektatuko dituzte Nanteseko zinemaldiko ‘Fenêtre Basque’ zikloan martxoaren 8tik 20ra bitartean.

Itziar Ituño aktorea ‘Ilargi guztiak’ pelikulan.
Itziar Ituño aktorea ‘Ilargi guztiak’ pelikulan. (Nico DE ASSAS | EUROPA PRESS)

Etxepare euskal insitutuak astelehen honetan jakinarazi duenez, hamabost euskal ikus-entzunezkok hartuko dute parte Nanteseko zinemaldiko ‘Festival du Cinéma Espagnol’ delakoan martxoaren 8tik 20ra bitartean. Zehazki, bost film luze, bederatzi labur eta telesail bat proiektatuko dituzte ‘Fenêtre Basque’ (euskal leihoa) zikloaren baitan. Gainera, zinemaldi bretainiarrean «euskal ordezkaritza zabala» izango dela aurreratu du Etxeparek.

Pelikulei dagokienez, Iciar Bollainen ‘Maixabel’ (2021), Marc Sempere eta Leire Apellanizen ‘Canto cósmico. Niño de Elche’ (2021), Chema Garciak zuzendutako ‘Espíritu sagrado’ (2021), Igor Legarretaren ‘Ilargi guztiak’ (2021) eta Maider Oleagak aurkeztutako ‘Kuartk Valley’ (2021) proiektatuko dituzte.

‘Maixabel’ filma Nanteseko jaialdiko fikziozko luzemetraien sailean lehiatuko da eta, gainera, martxoaren 19an, solasaldi bat dago programatuta Iciar Bollain eta Maixabel Lasaren parte-hartzearekin. ‘Canto cósmico. Niño de Elche’ luzemetraiak, bere aldetik, dokumental onenaren kategorian jokatuko du eta, bukatzeko, ‘Espíritu sagrado’ film onenaren saria eskuratzen saiatuko da.

Laburmetraien kategorian, aldiz, honako hauek ikusi ahal izango dira: ‘Azaletik azalera’ (2021), Mel Arranz; ‘Berak baleki’ (2021), Aitor Gametxo; ‘Heltzear’ (2021), Mikel Gurrea; ‘Inner Outer Space’ (2021), Laida Lertxundi; ‘Resonancias’ (2021), Iñigo Aranburu; ‘Trumoiak’ (2021), Iker Maguregi; ‘Ur azpian lore’ (2021), Aitor Oñederra; eta ‘Zerua blu’ (2021), Lur Olaizola; lanez gozatu ahalko da. Laburmetraiak, aurreko edizioetan bezala, Kimuak-en, urteko EAEko film labur onenak jasotzen dituen bildumaren, selekziotik eratorritakoak dira.

Hori horrela, jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean bi euskal zinegile daude sailkatuta. David Perez Sañudo, ‘Au pair’ (2021) laburrarekin, eta Mikel Gurrea ‘Heltzear’-ekin (2021). Azken hau Kimuak 2021ek aukeratutako film laburra da.

Telesailen kategorian, Koldo Almandozen ‘Hondar ahoak’ (2021) izango da Nantesen proiektatuko duten euskal lan bakarra.

Formatu presentzialaren itzulera

Pixkanaka-pixkanaka, Estatu frantseseko ekitaldiak normaltasuna berreskuratzen ari dira. Horren erakusle da Nanteseko festibalak iazko eredu hibridoa, online eta aurrez aurrekoa uztartzen zituena, alde batera utzi eta 2022ko ediziorako presentzialtasunaren aldeko apustua egin izana.

Hori horrela, hainbat euskal kulturgile joango dira ‘Fenêtre Basque’ atalaren 21. ediziora beraien lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko; tartean, Koldo Almandoz, Leire Apellaniz, Marc Sempere, Chema Garcia Ibarra, Igor Legarreta, Maixabel Lasa eta Iciar Bollain. Gainera, epaimahaian Michel Gaztambide gidoilaria eta Kristina Zorita EiTBko kazetaria egongo dira.