NAIZ

Libiako kostaldean 50 migratzaile hil dira, gutxienez

Alarm Phone migratzaileei laguntzeko telefono-zerbitzuak adierazitakoaren arabera, otsailaren 27an Sabratako kostaldean ontzi bat hondoratu zen, hamarnaka pertsona garraiatzen zituela. Denak hil ziren. Gainera, pasa den astean Tunisiatik atera ziren 60 pertsona desagertuta daude.

Urtarrilean Tunisian erreskatatua izan zen migratzaile bat.
Urtarrilean Tunisian erreskatatua izan zen migratzaile bat. (FATHI NASRI | AFP)
Alarm Phone migratzaileei laguntzeko telefono-zerbitzuak gaur jakinarazi duenez, gutxienez 50 pertsona migratzaile hil dira otsailaren 27an Libiako Sabrata kostaldearen parean, ontzi batean Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen ari zirela.

«Otsailaren 27an Sabratako kostaldean gertatutako hondoratze baten berri izan dugu. Ontzian zeuden 50 pertsonetatik inor ez zen bizirik atera. Hamar gorpu baino gehiago aurkitu zituzten Libanoko kostaldean. Europar Batasuneko muga-erregimenak desplazamenduan dauden pertsonak hiltzen jarraitzen du», adierazi du Twitter kontuan migratzaileen laguntza-eskaerak jasotzen dituen boluntarioen telefono-lineak.

Alarm Phone-k, gainera, joan den ostegunean Tunisiatik irten ziren beste 60 pertsonaren desagerpenaren berri eman du, eta agintariek horri buruzko informaziorik ez dutela esan zutela salatu du.

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, 452 pertsona migratzaile erreskatatu edo atzeman zituzten joan den astean Libiako uretan eta herrialdera itzuli zituzten, nahiz eta leku «ez segurua» izan.

Otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean, hamar bat ontzi abiatu ziren Tripoli hiriburutik eta Zuara, Sabrata, Azawaya eta Almayako hirietatik; 15 pertsona hil ziren eta 35 desagertuta daude.

Urte hasieratik, gutxienez, 2.933 pertsona itzuli dituzte Libiara, eta 51 hil eta 141 desagertu dira 300 kilometrotara dagoen Italiako Lampedusa uhartera iristen saiatzen ari zirela.

Migrazioen Nazioarte Erakunearen urteko azken txostenaren arabera, 32.425 pertsona (1.309 adingabe barne) erreskatatu edo atzeman zituzten 2021ean, 655 pertsona hil ziren eta beste 897 desagertu Mediterraneo erdialdeko migrazio-ibilbidean, munduko hilgarrienetako bat.

Erreskate-operazioen arduradunak Libiako kostazainak dira, gehienak Europar Batasunekoak, eta nazioarteko hainbat erakunde humanitarioren susmopean daude, pertsonen kontrabandoaren negozioan diharduten mafiekin ustez dituzten loturengatik.

Joan den uztailean, Amnesty Internationalek Liabiako agintariek atxilotutako eta euren herrialdeetara itzulitako migratzaileei egindako urraketa «izugarriak» salatu zituen.