NAIZ

Energiaren garestitzea arintzeko proposamenak egin dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Galdara komunitarioen gas fakturaren ezohiko igoera konpentsatzeko bonu bat ezartzeko eskatu dio EH Bilduk Lakuako Gobernuari. Elkarrekin Podemosek energia enpresa publikoa sortzea ahalbidetuko lukeen lege proposamena babesteko eskatu du.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek energiaren garestitzea arintzeko proposamenak egin dituzte.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek energiaren garestitzea arintzeko proposamenak egin dituzte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Energia eta gasaren garestitzea arintzeko ekimenak proposatu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Gasteizko Parlamentuan.

EH Bilduk berehalako neurriak eskatu ditu familia asko jasotzen ari diren gasaren faktura izugarri altuak konpentsatzeko eta ezohiko egoera hori amaitzeko.

«Gobernu espainolak onartuta, joan den urrian gas naturalaren azken baliabideko tarifaren araudi berria sartu zen indarrean eta, horren bitartez, tarifa horretarako sarbidea urteko 50.000 KWh baino gutxiagoko kontsumoetara mugatuta geratu da. Modu horretan, Gobernuak galdara komunitarioak dituzten etxebizitzak merkatu araututik kanpo utzi ditu, araudi berriak etxebizitza horiek energia kontsumitzaile handitzat jotzen dituelako; hau da, energia baliabideen erabilera oso intentsiboa egiten duten enpresekin parekatzen ditu, galdara komunitario horiek hainbat etxebizitza eta familiari gas zerbitzua modu partekatuan emateko azpiegiturak direla kontuan hartu gabe», azaldu du Mikel Otero legebiltzarkideak.

Araudi aldaketa horren ondorioa «larria eta bistakoa» dela salatu du: «Galdara komunitario horien erabiltzaile diren familien gas fakturak izugarri handitu dira, 400 edo 500 euroko fakturak ohiko bilakatzeraino».

Horregatik EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Lakuako Gobernuak faktura horien ezohiko igoera horren inguruko premiazko azterketa bat egin dezan eta, egoera normalizatu bitartean, errentaren araberako konpentsazio bonu bat ordain diezaien kaltetutako familiei, 2021eko urriaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin.

EH Bilduren proposamenak Gobernu espainiarrari ere interpelatzen dio, gas naturalaren azken baliabideko tarifari buruzko arauak berrikusteko, «bizilagunen komunitateei zerbitzua ematen dieten galdara komunitarioak merkatu arautuan sar daitezen».

Izan ere, Oterok ohartarazi duenez, «urtean 50.000 KWh-tik gorako kontsumoa duten galdara komunitarioko kontsumitzaile multzoak azken baliabideko tarifaz kanpo utzi izanak kalte ekonomiko larria ekarri du pertsona horientzat, izaerak eta erabilerak justifikatzen ez dutena».

Elkarrekin Podemos

Gasteizko Parlamentuan ostegun honetan egingo den osoko bilkuran bozkatuko da Energi Berri energia enpresa publikoa sortzea ahalbidetuko lukeen lege proposamena, Elkarrekin Podemosek aurkeztua. Asteazken honetan, koalizioak agerraldia egin du, Gobernuko taldeei tramitazioari laguntzen eskatzeko, «aldaketa energetikoa beharrezkoa eta premiazkoa delako».

David Soto legebiltzarkideak azaldu du EAEk energia erosteko mendekotasun handia duela eta, horren ondorioa da «dugun oligopolio energetikoa eta sare klientelarra».

«Ukrainako gerrak eta errusiar gasaren mendekotasunak Europa krisi energetiko larri batean murgilduko dute, argindarraren prezioaren etengabeko igoera tartean dagoela» gaineratu du.

Konponbidea, diotenez, energia berriztagarrien alde egitea da, «energia deszentralizatzea eta demokratizatzea, eta elektrizitatea arrazoizko prezioetan merkaturatzea». Hori dela eta, «bihar aldaketa energetikoari ekiteko aukera» izango dutela diote: «Zer egin erabaki behar dute: 40 urteetan egindako politika energetikoak, ate birakariak barne, egonkortzearen alde egin edo eraldaketa energetikoari ekin».

Gainera, Alemaniak, Frantziak, Suediak eta Italiak horren aldeko apustua egin zutela gogoratu du.