NAIZ

Urduñako ‘Duintasunaren kolunbarioak’ 36ko gerran hildako 14 gorpu jasoko ditu hasteko

Aurreikuspenen arabera, kolunbarioa apirilerako prest egongo da. Etorkizunean ingurune horretan aurkitzen diren identifikatu gabeko gorpuak ere bertan hobiratuko dituzte; identifikatutakoak ere bertan egon ahalko dute, familiak hori erabakitzen badu.

Urduñako hilerrira bisita, kolunbarioaren obrak ikusteko.
Urduñako hilerrira bisita, kolunbarioaren obrak ikusteko. (Urduñako Udala)

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Itziar Biguri Urduñako alkateak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatutako bigarren kolunbarioa izango denaren obretara bisita egin dute. Ekitaldian izan da, halaber, Gogora Institutuko zuzendaria den Aintzane Ezenarro.

‘Duintasunaren kolunbarioa’ Urduñan egongo da eta, hasiera batean, ingurune horretan 36ko gerran izan zen presoen esparruko 14 gorpuak hartuko ditu; gorpu horiek Urduñako hilerrian bertan atera zituen lurpetik, 2014. urtean, Aranzadiko talde batek. 

«Hasiera batean, Kolunbarioak 14 biktimaren gorpuzkiak hartuko ditu, Urduñako presoen esparruan hildakoak. Espetxe politika basati baten biktima izan ziren. Gerra galdu zuten pertsonentzat diseinatutako espetxe politikaren biktima izan ziren», Artolazabalek adierazi duenez.

Gainera, Urduñakoa, Elgoibarko kolunbarioan bezala, etorkizuneko desobiratzeetan aurkitzen diren eta identifikatu ezin diren gorpuzkiak hartzeko prestatuta egongo da; gorpuzkiak identifikatuta ere, familiak kolunbarioan lurperatzea aukeratu ahalko du. 2017ko urtarrilean, Elgoibarren, espazio bat inauguratu zen, identifikatu ezin izan diren 36ko gerrako eta frankismoko biktimen duintasunaren oroimenez. Elgoibarkoa Olaso hilerriaren ondoan dago, eta 44 hobitatik ateratako 57 pertsonaren gorpuzkiak daude. Hala, Urduñako kolunbarioaren bidez, Gogorak sustatzen duen memoria historikoaren lanari jarraipena eman nahi zaio.

Bizkaiko lehen kolunbarioa errealitate bilakatuko da datozen asteotan. Obrak abian jarri ditu, dagoeneko, Urduñako Udalak; horretarako, 80.000 euroko finantzaketa dago Gogora Institutuaren aldetik. Obra eta Zerbitzuen udal arloak lanak apirilean amaitzea aurreikusten du.

Duintasunaren eremua

Urduñako ‘Duintasunaren kolunbarioak’ bere kokapena du abiapuntu. Urduñako hilerriaren alboan egongo da eta, haren bidez, ibilbide bat sortu nahi da eta, bide horretan, kolunbarioak hartuko dituzten pabiloi batzuk egotea.

Ibilbideak Urduñako enklabearen hiru ikuspegi aurkeztuko ditu. Hiru pabiloi horietako bakoitza Urduñako begi-lerro berezi bat eskaintzen duen leku batean egongo da. Haietako batean, begirada Aintzinako Andre Mari ikastetxera zuzenduko da (Josefinoenak eta, aurretik, Jesulagunenak); eraikin hori espetxe gisa erabili zen, 36ko gerraren zati batean. Begi-lerroetako beste bat Txarlazo mendiarena eta Urduñako Ama Birjinarena izango da. Hirugarren begi-lerroa Urduñako mendatera zuzenduko da, eta mendi hegal malkartsuak ere ikusiko dira.

Gabioien bidez eraikitako horma batek (harrizko kaiolak) hiru pabiloietatik igarotzeko bidea zuzenduko du. Lubaki antzeko bat sortu nahi da, harriz babestuta, gerran hildakoen omenez. Sartu aurretik, ‘Duintasuna’ izeneko eskultura bat egongo da, Iñigo Arregi eskultorearena, eta bisitariak hura ikusiko du eta, haren bidez, bertan dauden pertsonei egingo zaie omenaldia. Begiesteko, atseden hartzeko eta errespetatzeko eremua izango da, ibilbidearen izaera dinamikoarekin kontrastean.

Gainera, kolunbariora erraz sartu ahalko dira oinezkoak, Urduñako erdigunetik, Gasteizera doan errepidearen paralelo doan bide bati esker.