NAIZ

Baztango ordezkariek Arizkungo harrobia ez babesteko eskatu diote nafar Gobernuari

Baztango hainbat herritar eta ordezkari nafar Gobernuko talde batekin bildu zen atzo, Arizkungo harrobiaren proiektua ez babesteko eskatuz, «baita gure hitza eta erabakia errespetatzea ere».

Harrobiaren aurka Arizkunen egindako elkarretaratzea.
Harrobiaren aurka Arizkunen egindako elkarretaratzea. (Arizkun Herria)

Baztango hainbat ordezkari nafar Gobernuko Mikel Irujo eta Jose Maria Aierdi kontseilariekin eta hauen lan taldeko hiru kiderekin bildu ziren atzo arratsaldean. Pello Sarratea (Almandozko alkatea), Imanol Etxeberria (Arizkungo alkatea), Joseba Otondo (Baztango alkatea), Florentino Goñi (Baztango udal zinegotzia), Jeronimo Jauregui (Almandozko herritarra) eta Mitxel Etxenikek (Arizkungo herritarra) osatu zuten baztandarren taldea.

Bilkura honekin, Canteras Acha SA enpresak Almandoz eta Arizkunen egin nahi dituen zundaketen harira, herritarrek duten «kontrako jarrera ezagutaraztea eta sartu diren helegiteak kontuan hartzeko eskatzea» helarazi nahi izan dute.

Bertan, Etxeberriak gutun bat ere entregatu zien, zeinetan prozesu guztiaren berri eman zien, proiektua ez babesteko eskatuz, «baita gure hitza eta erabakia errespetatzea ere». Honela, Arizkunen egindako bi batzarren emaitza jarri zuen mahai gainean: «Arizkunek argi utzi zuen: ez dugu harrobirik nahi, ezta zundaketarik ere». Herritarren %100ak bozkatu zuen kontra.

«Honetaz gain, herritarren erroldaren gehiengoak ere proiektuaren aurkako helegiteak sinatu ditu. Gure herria proiektu honen aurka egoteko arrazoiak aunitz dira: inguru horretan 12 etxebizitza eta familia daude, hainbat abeltzaintza-ustiategi, mahasti ekologikoak, lanpostu ugari, Principe de Vianak babestutako Bergarako Jauregia, borda aunitz, iturriak eta auzoa hornitzen duten ur-biltegiak, basoak eta abar», nabarmendu zuen Etxeberriak.

Herritarren jarrera ikusirik, Baztango Batzar Nagusira jo zuten, zeinak aho batez onartu zen Arizkungo herriari babesa eskaintzea. «Arizkundarrak, beraz, gure lana egiten ari gara nekazal, lan eta bizitoki eremua den hori dagoen bezala uzteko eta defendatzeko. Orain sortu den arazo honekin akitzeko eskatu nahi dugu».