Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Xixonek Rocasa mendean hartu eta sailkapena estutu du; Bera Beratik puntu bakarrera dago

Duela hilabete bat Bera Berak Rocasa garaitu zuenean, bazirudien liga poltsikoan zeukala. Malagaren aurkako porrotak eta Xixonek Rocasari irabazi ostean, sailkapena asko estutu da goialdean. Asteburu honetan, donostiarrek Valladolid bisitatzen dute, arerio zinez gogorra hau ere. 

Emma Boada, Rocasaren aurkako partidan, Gascan.
Emma Boada, Rocasaren aurkako partidan, Gascan. (Jon URBE | FOKU)

Asteazken honetan, bigarren sailkatu Xixonek atzeratutako partida errekuperatu zuen, Rocasaren aurkakoa. Asturiarren sasoi ona agerian geratu zen beste behin ere, garaipena eskuratu (23-22) eta lidertzatik puntu bakarrera jarri baitira. Denboraldi osoan, hauen patxalaldi bat noiz etorriko zain egon gara asko, baina lehenago iritsi da Rocasaren ahulaldia edota Malagaren irregulartasuna –azken bi partidak irabazita, apur bat suspertu den arren–. 

Izan ere, Bera Berak Malagaren etxean galdu ondotik eta Xixonek jokatu gabe zeukan partida berreskuratu eta irabazi ostean, bost puntuko aldea batera murriztu da. Duela hilabete, donostiarrek Rocasa mendean hartu zutenean –gainera, partida ederra jokatuta– bazirudien, liga garaikurra poltsikoratu zutela. Nolanahi ere, Imanol Alvarez entrenatzaileak ondo esan bezala, «oraindik liga erdia falta» zen talde kanariarra mendean hartu zenean eta oraindik ere, 10 jardunaldi handi geratzen dira txapelketa amaitzeko. 

Egun, Xixongo La Calzada dago, esan bezala, Bera Beratik (29) puntu bakarrera (28); Rocasa, hirugarrena da 24 punturekin. Malaga, talde donostiarra garaitzen azkena, laugarrena da 22 punturekin. Bosgarren dago Atletico Guardes, aurreko lauak baino partida bat gutxiagorekin eta 21 puntu poltsikoratuta –Porriñoren aurkako derbia falta zaio–. Hemendik eta maiatza bitartean, 20 puntu daude jokoan eta jakina, edozer gerta liteke. 

Asturiarrek, 10 partidetatik zazpi etxetik at jokatuko dituzte eta hori izan daiteke hauen zailtasunik handiena. Hala ere, Bera Beraren aurkako partida zuzena etxean jokatuko du La Calzadak eta erabakiorra izan daiteke. Maiatzeko lehendabiziko asteburuan jokatuko da, ordurako agian aldeak ez dira hain murritzak.

Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak zenbait erronka izango ditu gelditzen diren jardunaldietan, lehendabizikoa asteburu honetan, gauzak beti hain zail jartzen zaizkio Huerta del Rey pabiloian. Elxen aurka ere kanpoan jokatuko du, baita bolada onean dagoen Zuazoren aurka ere. Tartean, Porriño, Granollers eta Atletico Guardes jasoko ditu etxean, Illunben jokatuko den Kopako azken fasea baino lehenago.