«Disparatea» izan da Andoni Urzelairen bosgarren eleberriaren aurkezpenean errepikatu den hitza. ‘Ametsen trafikatzailea’ (Elkar) «fabula hiperboliko» bat bezala deskribatu du egileak berak, eta argitu du gizartea salatu baino, berak ikusten duen bezala deskribatzeko xedea izan duela lan honen bitartez. Horretarako Jon Andoni Bilbao pertsonaia aurkeztu digu, irabazteko jaio dela pentsatzen duen gizona.
«Istorioa disparate bat denez, nola egin sinesgarri?», hori izan zen Urzelaik bere buruari egin zion galdera. Eta ibilbide hori errazteko pertsonaia ankerra, moralik gabekoa sortu zuen. «Horrelako jendea badagoen arren, nik erabaki nuen gaixo egongo zela», argitu du. Izan ere, gertatzen den guztiari azalpen bat emateko asmoarekin, protagonista «elbarri psikologikoa» da, alegia, nortasun disoziatiboa du.
Antxiñe Mendizabal editoreak aipatu du pertsonaia horrek «guri buruz» hitz egiten duela, «gure miseriez, begirada zorrotza» eskainiz. «‘Zoroak’ –hitz horrek duen konnotazio txarrari aitortza eginez– gizartetik kanpo daudenetik, eroago gaude. Lehen haiek ispilu lana egiten zuten eta orain erreferentzia hori galdu dugu. Eroetxeetatik kanpo gaudenok ere buruko nahasmenak izaten ditugu, baina ez diegu erreparatzen», azaldu du.
Hala, esan du protagonistak «zoramenean ezkutatuta, guztiz askea den ahots bat du, beste inor esatera ausartzen ez dena esaten duena». Mendizabalek prtagonista «harro tonto» bat bezala deskribatu du, lortu duena baino gehiago merezi duela uste duelako. Psikiatriako ikasketak egiten ditu eta «garun matxuratuekin» esperimentuak egiten hasten da. Botika bat sortzen du ostera, «amets prefabrikatuak» bizitzeko aukera ematen duena.
Urzelaik ideia honi buruz sakondu nahi izan du. Izan ere, bere ustez, gaur egun ametsetan gehiago bizi gaa errealitatean baino, eta uste du botika hori benetan existituko balitz jonkiak bilakatuko ginatekeela, istorioko pertsonaiak bezala. Psikiatrak lortzen du berez alzheimerra duten pazienteetan oroimenak berreskuratzera bideratuta dagoen botika horri esker gauean bakoitzak nahi duen ametsa izatea, eta hurrengo egunean amestutako hori egia izango balitz bezala bizitzea. Adibidez, norbaitek gaztea dela amestu nahiko balu, hori amestu eta hurrengo egunean gazte izango balitz bezala bizi ahalko luke… drogaren efektua joaten den arte, noski. Eta errealitatera itzultzean, deste dosi baten beharra sortuko litzaioke.
Kaxoiez betetako armairua
Gaia korapilatsua izan daitekeen arren, editoreak azpimarratu du ez dela nobela pisutsua. Alderantziz, akzioz beterik dago, dibertigarria da, umore garratz eta beltzez josita dago eta azken unera arte harrapatzen zaitu.
Egileak eleberriaren egitura azaldu du. Hiru atal ditu: lehenengoan protagonistaren hezurdura morala egituratzen dituzten gertaerak deskribatzen dira; bigarrenean bere ametsa sortzen du; eta hirugarrenean amets horretan murgiltzen gara. Puntu horretara iristean istorioak arrazionalki ez du logika askorik, nahiz eta pertsonaiaren pentsaerarekin bat eginez gero logika osoa duen. Ideiak antolatzen laguntzeko asmoz, kapitulu motzak idatzi ditu, bakoitza bere izenburuarekin. «Liburua kaxoiez betetako armairu bat da», azaldu du. Korronteak eramaten uztea gomendatzen dio irakurleari.