Gaur egungo hiru gazte, eder eta dotore, aurpegi serioarekin. Katalina Erauso (Donostia, 1585-Mexiko, 1650) pertsonaia historikoarekin mintzatzen ari dira: «Zu deserosoa zinen. Gu ere deserosoak gara», aurpegiratzen diote. Hiru gazte hauek sexu eta genero disidenteak dira; Erauso ere horrelako zen, bere garaian “trans” definiziorik, ez antzekorik, ez zegoen arren.
Bilboko Alondegian zabaldu berri den Cabello/Carceller kolektiboaren “Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” erakusketa kitzikagarrian ikus daitekeen bideo-instalazioan aurkituko ditugu denbora eta espazioa zeharkatzen duten lau “bidaiari” hauek. Antza, gutxi dute amankomunean, baina badago zer ikasi. Katalina Erauso bezalako pertsonaia aldarrikatzea ez da eroso gertatzen feminismoaren ikuspegitik edo, oro har, gaur egungo parametroetatik begiratzen bazaio: kolonizatzaile odoltsua zen, maputxeen hiltzailea, gaizkile bat, garaiko mafiosoa...
Baina proiektu artistiko honek birtualtasun bat du: galdera asko hauspotzen ditu; esaterako, zergatik ez diegu itzalpean dauden ertzetako istorioei erreparatzen? Zergatik gordetzen ditugu oraindik ezkutuan? Eta berdin begiratuko al diogu Katalina/Antonio Erausori erakusketa hau ikusi ostean?
«Queer» hurbilak
‘Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa’ Bilboko Alondegiko erakusketa aretoan dago ikusgai atzotik irailaren 25era arte. Sortu orain hiru urte sortu zen; zehazki, Fernando Perezek Bilboko Alondegiko zuzendaritza hartu zuenean. Gaurkotasuna duten gaiei buruzko hausnarketak bultzatzea zuen xede, atzo aitortu zuenez, eta egun zein da identitate sexuala baino aktualitate handiagoko gaia? «Ezin da ezer finkotzat eman, iritzi kritikoak sortu behar ditugu», esan zuen atzo Fernando Perezek.
Horri helduta, proiektu bat eskatu zion Cabello/Carceller kolektiboari. Helena Cabello (Paris, 1963) eta Ana Carceller (Madril, 1964) 90eko hamarkadaren hasieratik ari dira elkarlanean, praktika bisualetan generoa eraikitzeko modu hegemonikoez galdetuz eta queer jarreretatik alternatiba kritikoak proposatuz. «Egun queer kontzeptua oso hedatuta dago, baina hitzak berak zer esan nahi duen ere ez dago oso argi. Erreferente guztiak mundu anglosaxoitik datozkigu, eta gu erreferente hurbilen bila aritu gara, hegoaldetik eta latindar sustraietatik tiraka. Identitateari dagokionez, hutsune handiak daude, baina guk argi dugu queer gisa egun ezagutzen dugun kontzeptuak ibilbide luzea duela historian zehar. Arras luzea, gainera», aipatu zuten artistek.
Merkatari familia batean jaio zen Katalina. Bataioan izen hori eman zioten, baina 15 urte zituenean gizon gisa jantzita ihes egin zuen komentutik. Soldadu bihurtuta, euskaldun askok bezala Atlantikoa zeharkatu eta Txiletik Mexikoraino kolonizatutako lurretan borrokan, lapurretan eta sarraski artean eman zuen bizitza... harrapatu zuten arte.
Bitxia bada ere, ez zuten akabatu. Katalina ospetsu bihurtu zen –lesbiana zen, eta birjina mantendu zenez, horrek babestu zuen heriotzatik– eta bere oroitzapenak idatzi zituen. Urbano VIII.a aita santuaren onespenari esker, Antonio Erauso izenarekin bizi izan zen heriotza iritsi zitzaion arte.
Maite Arroitajauregi "Mursego"-k jarri dio ahotsa Erausori, erakusketan ikusgai dagoen 28 minutuko bideoinstalazio interesgarrian; operaren traza ere hartzen du zenbaitetan: «Bai, komentutik ihes egin nuen. Bai, gizonez jantzi nintzen. Bai, Atlantikoa zeharkatu nuen mundu berrirantz. Bai, salerosi, borrokatu, lapurtu. Bai, militarra izan nintzen eta kazike araukanoak hil nituen. Eta bandera berreskuratu. Bai, zor didazuena ondo dakizue. Antonio naiz!», dio Mursegok.
Proiektu artistiko honen abiapuntua, beraz, Juan Van der Hamen-ek donostiar honi egin zion erretratu bitxia da, gaur egun Kutxa bildumaren barnean dagoena. Van der Hamenek garaiko idazleei egin zien serie batean kokatu zuen, Lopez de Vegaren ondoan.
Bi erretratu, pertsona bakarra
Katalina/Antonioren erretratua Gordailutik atera, eta Bilbon izango da ikusgai erakusketa zabalik dagoen bitartean. Gizon zurbila da Antonio, itsusia; borroka guztien aztarnak antzematen zaizkio aurpegi urratuan. Parez pare, San Telmo museoan 1900eko margoaren kopia dago. Hor, apur bat koloretsuago dago, baina itsusi, dena den. Frai Diego de Sevillak gutun batean kolonizatzaileen artean politena zela idatzi zuen, halere. Emakumea, soldadua eta ederra hitzak ez datoz bat historialarientzat, antza.
«Seguruenik, hau da trans baten lehen erretratua historian. Anakronismo historiko bat da, bai, orduan ez zegoelako indarrean horrelako kontzepturik, baina garai hartan trabestismoa beste generoarekin identifikatzearekin lotzen zen», esan zuen atzo Paul B. Preciadok. Filosofoa eta idazlea, bera ere trans-a, nazioartean ospetsua da gorputzaren, generoaren eta sexualitatearen politiken inguruan egin duen lanagatik.
«Orokorrean nik ez ditut arte erakusketak komisariatzen, idazlea eta filosofoa naizelako. Baina hau egin beharrekoa zen eta, egitekotan, nik proiektu honen komisarioa izan nahi nuela otu zitzaidan. Gai feministak, trans, gay, lesbikoak eta dena delakoak lantzen dituzten artistak ikusezin egin dituztelako erakundeek orain arte», aipatu zuen.
Ibilbidean, Cabello/Carcellerren beste lan batzuekin egin dugu topo. Argazkiak dira, bideoak ere bai eta, bukaeran, horma batean, bitxikeria bat: martxoaren 4an Donostiako Udalari Paul B. Preciadok eta erakusketako bi artistek helarazitako gutuna: bertan Amara Berriko kale bati Katalina Erauso izena jarri diotela ohartuta, «bidegabekeria nabarmen» hau konpon dezatela eskatzen zaio, Katalina/Antonio de Erauso: «Horrela, Erausoren generoaren trantsizio-prozesuaren arrastoa utzi, eta izendapen horrek bere pertsonaren bizi-errealitatearekin, hiriaren historiarekin eta biztanleen politika- eta genero-askatasunarekin bat egin dezan».