Joe Biden AEBtako presidenteak Errusiaren aurkako zigor berri bat iragarri du ostiral honetan, Ukraina erasotzeagatik. Adierazi duenez, debekatuta dago jadanik Errusiatik vodka, diamanteak, arraina eta itsaskiak inportatzea.
Ostegunean neurri berriak hartuko zituela adierazi zuen Washingtoneko Gobernuak, Errusia eta AEBen arteko negozioak zailtzeko. Eta gaur izandako agerraldi batean, Bidenek inportazioei ezarritako debeku hauen berri eman du.
Hala, «bereizgarriak» diren produktuen inportazioa debekatu du Bidenek; vodkarekin batera kabiar agertzen da, gutizia eta oso sinbolikoa.
Gainera, Vladimir Putin Errusiako presidenteari ohartarazi dio «prezio altua» ordainduko duela Ukrainan arma kimiko edo biologikoak erabiltzen baditu, eta, aldi berean, nabarmendu du Washingtonek NATOko aliatuen lurraldearen «zentimetro bakoitza» defendatuko duela.
Dena den, Bidenek berretsi du NATOren eta Errusiaren arteko konfrontazio zuzena saihestu nahi duela, horrek «Hirugarren Mundu Gerraren hasiera» ekarriko lukeelako.
Halaber, AEBetako presidenteak aurreratu du G7ko herrialdeek lan egingo dutela Errusiari nazioarteko finantza-erakundeetatik (Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua) datorren edozein finantzaketa-iturri ixteko.
«Ezin du nazioarteko bakearen eta egonkortasunaren oinarriak mehatxatzen dituen ekintzarik egiten jarraitu, eta aldi berean nazioarteko komunitateari finantza-laguntza eskatu», nabarmendu du.
"Nazio mesedetuenaren" erregimena
Bidenek iragarri arren, Estatu Batuetako Kongresuak onartu behar du Errusiari "Nazio mesedetuenaren" izeneko erregimena kentzea, eta dirudienez demokraten eta errepublikanoen babesa izango du.
Ukrainak eta Kanadak "Nazio mesedetuenaren" estatusa kendu diote Errusiari, eta Etxe Zuriaren arabera, G7ko gainerako herrialdeek eta Europar Batasunak (EB) ere gauza bera egingo dute.