NAIZ

Legea eta elkarrekin aritzea aurrera egiteko tresnak direla nabarmendu du Sarek

Bere zazpigarren urteko batzarra ospatu du Sarek gaur Donostian. Bertan, aurrerapausoak zerrendatu ditu baina gehienbat oztopoei erreparatu die, aurrera egiteko modu bakarra legea betetzea eta elkarrekin aritzea dela dela nabarmenduz.

Joseba Azkarrak hartu du hitza Sareren zazpigarren urteko batzarrean.
Joseba Azkarrak hartu du hitza Sareren zazpigarren urteko batzarrean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bere jardunaren zazpigarren batzarra burutu du gaur larunbatean Sarek; aurrepausoak eta erronkak finkatu ditu Donostiako Ernest Lluch kultur etxean eginiko hitzorduan. Gazigozoa izan da, ezinbestean, balorazioa. Izan ere, Joseba Azkarragak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «aurrera egin dugula bistakoa da. Motel, faseak betetzen goaz. Baina oraindik bide luzea dugu egiteke. Bidea batera egiten jarraitu behar dugu. Hori da aurrera egiteko bide bakarra».

Azkarragak eta Bego Atxak jardunaldiaren nondik norakoak hedabideei labur azaldu ostean, lehenari egokitu zaio urteko balantzea egitea. Duela urtebete, seigarren osoko batzarrean, Andaluzia, Murtzia, Valentzia eta Galizako espetxeak euskal presorik gabe gelditzeko erronka finkatu zela gogoratu du; uztailaren 1ean lortu zen azkenik, «baina horrekin etapa bat baino ez genuen itxi. Gaur, duela urtebete bezala, ezin dugu ezer baieztatu, baina guztion artean hauxe lortu behar dugu: 2022 amaitu aurretik euskal preso guztiak Euskal Herrian izatea. Espetxe araudiak arrazoia ematen digulako eta gizatasunak hala eskatzen duelako».

«Urruntzearen amaiera ez da Gobernu espainolaren erabaki eskuzabal batetik etorriko. Ez», ohartarazi du Azkarragak. «Askoren lanaren emaitza izango da», ekarri du gogora, gizartearen bultzada zein akordio politikoak aipatuz. «Eta hau da jarraitu behar dugun bidea. Batera joatearena. Elkarrekin».

Honetan sakonduz, «ezin dira negoziazio politikoa eta gizarte aktibazioa kontrajarri –esan du Sareren eledunak–. Akordioa bilatzen eta orain arte lortutako adostasunak defendatzen jarraituko dugu».

«Gure lanarekin jarraitzeko arrazoi asko ditugu», amaitu du Azkarragak hitzaldia. Eta ohartarazpen batekin: «Herri honek, eta berarekin Sarek, ez ditugu inolaz ere euskal presoak ahaztuko. Auzi hori konpondu gabe ezin izango baita bakea, konponbidea eta elkarbizitza aipatu».

Eskumen berriaz

Berritasun nabarmen bat ekarri du 2021. urteak: Lakuak espetxe arloko eskumena hartu du. Egingo duen kudeaketaren aurrean «konfidantza» azaldu du Sarek, baina aldi berean adi egongo dela aipatu du: «Hamarkadotan euskal presoek jasan duten salbuespen politika behin betirako ezabatu behar da. Eta honela ez bada, egunero-egunero gogoraraziko diegu. Elkarbizitzaruntz aurrera egin nahi badugu, ausart jokatu behar da eta edozein interes politikoren aurrean giza eskubideen babesa jarri beharra dago».

«Zuzenbidea ezin da espetxeetako atarian geratu –nabarmendu du Joseba Azkarragak–. Zuzenbidea eta Giza Eskubideen defentsak espetxeetako azken ziegara iritsi behar dute».

Azkarraga: «Ez da gorroto garaia, ez errebantxa garaia, ez garaipen garaia, ez eta porrot garaia ere. Jaso duguna baino etorkizun hobea gure seme-alabentzat eraikitzeko garaia da»

Izan ere, oraindik hiru boteretan oso sustraiturik da salbuespen politika, gogora ekarri dutenez: Gobernuetan, legebiltzarreetan («zuzenbidearen aurkako lege bidegabeei eusten dietelako») eta auzitegietan («kezkagarriak dira atzerako joerak, bai Fiskaltzarena bai eta Espetxe Zaintzako Auzitegi Zentralarena ere, espetxeetako tratamendu batzordeen erabakiak etengabe zuzentzen ari direlarik»).

Gaixorik diren presoen aferaren larritasuna azpimarratu da ekitaldian. «Aske utzi behar dituzte, baina ez etxean hil daitezen, ez, bere ondokoen aldean bizitza luza dezaten baizik», aipatu du Azkarragak, Asier Aginako, Jose Angel Ochoa de Eribe, Oier Gomez eta Antton Troitiñoren heriotzak gogora ekarriz.

Erasoei kasu egin gabe

Batzarrean ez dira oharkabean pasa Sarek duela aste eskas jasan dituen mehatxuak, Guardia Zibilak eginiko txosten baten haritik, non zehazki Joseba Azkarragari seinalatzen zitzaion. «Jazarpen kanpaina horiek hor diren arren, guk ez dugu konfrontaziorik edo gorrotorik landuko –argi utzi du Azkarragak–. Mina ematen digute baina ez gara horretan sartuko». Izan ere, «elkarrizketaren bidea erabili behar da konponbideak bilatzeko, hau da jarraitu beharreko bidea».

Elkarbizitza izan da Azkarragaren hitzaldian gehien entzundako hitzetako bat. «Ez da gorroto garaia, ez errebantxa garaia, ez garaipen garaia, ez eta porrot garaia ere. Jaso duguna baino etorkizun hobea gure seme-alabentzat eraikitzeko garaia da», adierazi die Donostian bildutako kideei.