Gure Eskuk eta hainbat agente katalanek pasa den urtarrilean eman zuten jakitera bi herrialdeek uztailaren 2rako antolatu duten erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen bateratu eta ikusgarria: kataluniar zein euskaldunei Pirinioetako 300 tontor igotzeko erronka luzatu zieten, eta astelehen honetatik aurrera ekintzan parte hartzeko izen-emateko epea zabaldu dute.
Jaizkibeletik Benasquerainoko mendi tontorrak egokituko zaizkie euskaldunei, 115 guztira, eta gainontzekoak katalanei. Helburua da farol eta linternak hartuta Higer lurmuturretik Creusera luzatuko den argi-lerro erraldoi bat sortzea.
Gure Eskuk jakitera eman du gailur berde gisa izendatu dituztenak, hau da, jende gehienarentzako irisgarriak diren horiek, Euskal Herrian daudela. Herri bakoitzari gailur bat edo batzuk egokituko zaizkio; hala ere, herritarrek aukera izango dute nahi izanez gero beste edozein tontor aukeratzeko.
Bada, gailur berdeetan izena ematea posible da astelehenetik aurrera, Gure Eskuren webgunearen bitartez. Gailur konplexuagoekin ausartu nahi dutenek, berriz, pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi beharko dute, Erdialdeko Pirinioan kokatuta dauden tontor gorriak igo ahal izateko. Gailur hauetan izen ematea martxan dago urtarrilaren 29tik.
Halaber, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak diren gailurrak ere aukeratu dituzte antolatzaileek. Esteka honetan horiz markatuko tontorrak dira aukeratutakoak.
Bestalde, mendietara joan gabe ere, era batera ala bestera, erronka kolektibo honen parte izango diren herritarrek ere izena eman dezakete Gure Eskuren webgunean, euren herria zehaztu eta uztailaren 2ko ilunabarrean eta aurreko egunetan egingo diren ekintza sinbolikoetan parte hartzeko.
Datozen asteetan, herriz-herri ibiliko da Gure Esku Pirinioetako Bidea egitasmoa aurkezteko. Honakoak dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako deialdiak: Bilbon martxoaren 15ean, 19.00etan La Bolsan; Donostian, martxoaren 24an, 19.00etan Kriptan; Gasteizen, martxoaren 25ean, 19:00etan Landatxon eta Iruñean, martxoaren 30ean, 19.00etan Katakraken.