NAIZ

Gerra amaitzeko eskatu dio ELAk Errusiako Gobernuari

Ukrainako gerrarekin amaitzeko deia egin dio ELAK Errusiako Gobernuari eta egun bizi den egoera gainditzeko «negoziazioa eta bide diplomatikoa» lehenetsi behar dela nabarmendu du sindikatu honek ohar batean.

Ukrainako errefuxiatuak Poloniako Prezemysl herrian.
Ukrainako errefuxiatuak Poloniako Prezemysl herrian. (Louisa GOULIAMAKI | FRANCE PRESSE)

Gerrarekin amaitzeko eskatu dio ELAk Errusiako Gobernuari, egoera gainditzeko «negoziazioa eta bide diplomatikoa» lehenesten duelarik, ohar batean nabarmentzen duenez.

«Zentzurik ez duen gerra honi gailendu egin behar zaizkiola irtenbide politikoak. Herrien arteko bakea eraiki eta finkatzeko borondatea eta elkarrizketa behar da. Lehenetsi egin behar dira diplomazia eta akordio politikoak gerra bukatuko dela bermatzeko. Herrien eskubideak eta giza-eskubideak nagusitu behar dira beti. Ukrainar lurraldearen inbasio eta okupazioa amaitu beharra dago; negoziazio politikoari bide eman behar zaio», adierazi du ELAk.

Honekin batera, ELAk arbuiatzen du «Errusiako Gobernuak alde bakarretik eta zilegitasunik gabe Ukraina inbaditzeko hartu duen erabakia, eta gerra berehala geldiaraztea galdegin du; hau ez da negoziaziogai». 

«Horrekin batera, sindikatuak kargu hartu nahi die hainbat gobernu eta hedabide nagusiri, hauek saiatzen ari baitira ezkutatzen egoera honetara ekarri gaituzten aurrekariak, esaterako SESB desegin ostean sinatu ziren akordioak bete ez izana, Ukrainan 2014an izan zen estatu-kolpea, ukrainar gobernuen politika autoritarioa eta Errusiaren aurkakoa, edota Donbasseko lurraldeetan izan den gerra irekia», gaineratu du ELAk.

«Bestalde, gatazka honetan NATOk izan duen ardura ere ez da ezkutatu behar. Azken hamarkadetan aliantza honek tentsioa areagotu besterik ez du egin bere hedapen militarra medio. Errusiaren eskaria, segurtasun espazio bat izatea, nazioarteko eremuan onartua zen. Horregatik, NATOk Errusiaren mugakide izan duen hedapenean atzera egitea izan behar da negoziazio politikoaren oinarrizko puntuetako bat», erantsi du sindikatu honek.

«Orobat, herrien determinazio librerako eskubidea errespetatu behar da, baita Ukraina barnean ere. Ez inposizio militarrak, ez eta lurralde osotasunaren dogmak ere, ez dute eragotzi behar herriek -era libre, bakezko eta demokratikoan- beren barne-egituraketa eta nazioartean duten kokapena hautatzerik. Gogoratu beharrekoa da Donbasseko lurraldeetan aspaldiko urteetan gatazka bat pairatzen ari direla, Mendebaldeak eta Europak propio ahaztua, eta 10.000tik gora lagunen heriotza eragin duena», aldarrikatu du ELAk.

Bilakaera militarista eta desinformazioa

«ELAk salatu egin du Europar Batasuneko gobernuen eta EBren beraren bilakaera militarista. Sindikatua ez dator bat klase xeheen eta langileriaren pairamena larriagoa izatea ekarriko duten zigor ekonomikoekin, euren pobrezia eta izate zaurgarria okertuko baitute. Ez du onartzen ere europar gobernuek munduan diren gatazken arabera neurri ezberdinak aplikatzea», adierazi du ere.

«Desinformazio ezin larriagoa ari gara bizitzen; hori dela eta, ELAk oinarrizko askatasunak aldarrikatu nahi ditu: prentsa eta manifestazio askatasuna. Gizarte guztiak ezagutu behar ditu egitateak, baita gatazken testuinguru, zergati eta ondorioak ere. Gobernuek kideko ez dituzten hedabide eta kazetariekin bortxaz jokatzea ezin da inola ere onartu. Horregatik galdatzen dugu berehala aska dezatela Pablo Gonzalez euskal kazetaria, Polonian atxilotua. Halaber, salatu nahi dugu Errusian egunotan izan den errepresioa eta gerraren kontrako protesta egiteagatik izan diren milaka herritarren atxiloketak. Pertsona eta taldeon konpromiso eta irmotasun bakezalea itxaropen mezu bat da, eta halako gatazkak bideratzeko behar-beharrezko erreferentzia», nabarmendu du ELAk.

«Beraz, ELAk berriro deitu nahi du eskalada militarra geldiaraztera, liskarrak berehala amaituz. Ukrainan kanpoko injerentzia oro desagertu behar da. Ezin da onartu gauza naturaltzat hartzea potentzia handiek bortizkeria militar eta ekonomikoa baliatuz beren “influentzia-gune” direlakoak ezartzea. Horregatik, gatazkan inplikatutako aktore guztiek ekintza armatuak bertan behera utzi eta benetako elkarrizketari ekin behar diote. Ukrainako gerra amaitu beharra dago, baita ahaztuta dauden beste hainbat gatazka armatu ere, esaterako Yemen, Siria, Etiopia, Mendebaldeko Sahara edo Palestinakoa. Gizateriak gerretan tematu ordez bere ahalegin guztiak egin beharko lituzke zibilizazio gisa dituen erronkei aurre egiteko: hor dugu gizakiak berak eragindako aldaketa klimatikoa, edota ezberdintasun izugarriak», nabarmendu du sindikatuak.