Maite Ubiria

GPSO egitasmoaren diruztatze plana onartuta, AHT berria Euskal Herrira iristea jarri dute xede

Hego Mendebaldeko Egitasmo Handia (GPSO) plana errailetan dago. Diruztatze plana izenpetu ondoren, Bordele eta Okzitaniako Tolosa lotuko lituzkeen abiadura handiko tren berria 2032rako irudikatu du Jean Castexek. Handik aurrera Lapurdi zeharkatuz mugara heltzea litzateke bigarren fase baten xedea.

GPSO egitasmoaren bigarren fase batean helduko liokete mapan grisean agertzen den Akize-Hendaia tarteari..
GPSO egitasmoaren bigarren fase batean helduko liokete mapan grisean agertzen den Akize-Hendaia tarteari.. (SNCF Reseau)

2017an presidente hautatua izan zenean Emmanuel Macronek Hexagonoko abiadura handiko tren sarea gehiago zabaltzea alboratu zuen.

Are, tren linea berriak eraikitzeko aroa gainditutzat eman zuen heldu den apirilaren 10ean iraganen diren bozetan bere postua berrestea bilatuko duen frantziar presidenteak.

Alta, afera horretan ere hitza ez du atxiki Macronek.

Iragan udaberrian Jean Castex lehen ministroak Bordeletik Okzitaniako Tolosara eta Akizera tren azkar berria eramatea aurreikusten duen Hego Mendebaldeko Egitasmo Handia (GPSO, frantsesez) proiektua berreskuratu zuen.

Handik bi hilabetera, Macronek berak frantziar TGV delakoaren 40. urtemuga kari lehentasunezko egitamoen artean aipatu zuen Bordele-Tolosa trenbidea.

Akitania Berria eskualdeko presidente den Alain Roussetek ez zuen aukerarik galdu aspalditik amestutako egitasmoa haizeberritzeko.

Urtea amaitu aitzin finantzamendu dosierra erakundez erakunde eztabaidatzeko eta bozkatzeko prozedura finkatu ostean, atzo egitasmoak babes ofiziala jaso zuen.

«Proiektua kudeatuko duen sozietatearen sortzeaz gain, GPSO diruztatze plana onartu dute Estatuak, Akitania Berriko eta Okzitaniako eskualdeek eta 25 kolektibitatek», txalotu du proiektuaren kordinatzaile den Okzitaniako prefetak trenbide berriaren gainean xehetasunak emanez igorritako prentsa dosierrean.

«... eta handik espainiar mugara»

GPSO egitasmoak Bordeletik Okzitaniako Tolosara «eta handik espainiar mugara» zabaltzea bilatuko lukeela nabarmendu du Estatu frantsesak Okzitanian duen ordezkariak aipaturiko agirian.

Are, helburu bi zehaztu ditu. Epe ertainean Bordele-Tolosa-Akize ardatzean abiadura handiko sareko gaitasunak hobetzea.

Izan ere, Euskal Herriari dagokionez, garrantzia badu GPSO egitasmoaren koordinatzaileak aipagai izan duen bigarren xedea, nahiz eta batere zehatza ez izan.

«Epe luzera, trenbide berria mendebaldeko kostatik Akizera eta Espainara eramatea» litzateke, bere erranetan, bigarren fase horren helburua.

Diruztatze plana onartzeko prozedura

Iragan irailean, GPSO delakoa oztopatzeko xede hainbat elkartek ezarritako helegitea bertan behera utzi zuen Estatu Kontseiluak eta ebazpen hori eskutan tren linea berria diruztatzeko prozedura abian eman zuten eskualdeak eta Estatuak, 25 tokiko kolektibitateen onespena lortzeko desmartxak abiatuz.

Finantza planaren arabera 14.000 euroko kostua luke Bordele eta Akizeren arteko egitasmoaren lehen faseak. Hori izan zen Okzitaniako Tolosan, atzo berretsitako plana.

Estatuak dirutza horren %40 jarri beharko luke, kolektibitateek bertze %40 –Akitania Berriko eskualdearen barne diren hiru tokiko erakundek, zehazki Girondak, Lot-et-Garonnek eta Euskal Elkargoek uko egin diote norberaren eremuan eginiko bozketen bidez Estatuak eskatutako ekarpena ordaintzeari– eta, finean, Europako Batasunak %20.

Zergatik diruztatuko luke Europako Batasunak Tolosa-Akizen helmuga lukeen egitasmoa?

Cade elkarteak pausatu zuen galdera eta mahai gainean jarri zuen balizko erantzuna: Bruselak GPSO diruztatuko luke baldin eta proiektu horrek AHT berria Lapurditik muga zeharkatu ondoren Euskal ‘Y’ delakoarekin lotura bermatuko balu.

Mugaz gaindiko dimentsioa bermatu ezean EBren dirurik ez

«Mugaz gaindiko dimentsioak justifikatzen du soilik EBren parte hartzea egitasmo honetan», nabarmendu zuen Cade elkarteko kide Pierre Recartek finantzamendua bozkatzeko prozeduraren nondik norakoak ezagutzera eman zirenean.

Okzitaniako prefetak izenpeturiko agiriak xede hori baiztatzen du. Edonola ere, epe ertainera bide luzea egin beharko du oraindik ere egitasmoak. Behin-behineko egutegiaren arabera 2024an abiatuko dira lanak eta, bertze atzerapen eta etendurarik gertatu ezean, 2032an helduko litzateke tren azkar berria Tolosara.