Oihane Larretxea
DONOSTIA

‘Infinitu Irribarra’ aurkeztu dute, euskararen alde irribarreak batzeko ekimena

Aurten Ibarran ospatuko diren Kilometroen baitan ‘Infinitu Irribarra’ ekimena aurkeztu dute Donostian. Euskal Herria eta euskararen alde irribarre egin eta horiekin mapa mundi moduko bat osatzea da erronka, nork bere burua erretratatu eta sarera igota.

Julen eta Antton Telleria anaiak atzean; Kilometroak-eko antolatzaileak aurrean, Tabakaleran.
Julen eta Antton Telleria anaiak atzean; Kilometroak-eko antolatzaileak aurrean, Tabakaleran. (Maialen ANDRES | FOKU)

Irribarreak estalita egon diren garaiak atzean uzteko irrikaz akaso, Ibarran aurten ospatuko den Kilometroak jaiaren bueltan ‘Infinitu Irribarra’ ekimen parte-hartzailea eta kolektiboa aurkeztu dute astearte honetan Donostiako Tabakaleran.

Irribarrearen boterea berreskuratzera dei egin dute, kasu honetan, Euskal Herria eta euskararen alde irribarre eginez. Horiekin guztiekin mapa mundi bat osatzea da helburua, eta horretarako espreski sortu den webgunean sartzea da lehenengo urratsa. 

Bertan azaltzen diren urratsei segituta, nork bere buruari argazki bat egin behar dio, ondoren mapan zehatz non dagoen kokatuz. Dela Gasteiz, Zugarramurdi, Bardeak, Karibea, edota lantokian, ekitaldian adibide gisa jarri dutenez. Are eta anitzagoa eta aberatsagoa izateko, taldekako argazkiak ez egiteko eskatu dute, baizik eta banakakoak.

Julen eta Antton Telleriak gidatutako aurkezpenean, errezeloak eta lotsak alde batera uzteko animatu dute, bereziki sare sozialetan agertzeko zaletasuna ez duten horiengan azpimarra jarriz. «Pertsonak bi taldetan banatzen dira –esan du Anttonek, txantxaz–. Badira batzuk oso pozik agertzen direnak, eta horiei ez zaie animorik falta, argazki bat ez, bost behar badira ere bidaliko dituztelako. Baina beste asko badira errezeloa dutenak. Horiei esan nahi diegu ez dela Instagram bezalako sareen eskema. Ez, ez, hau, ez ahaztu, euskararen aldeko ekimena da».

Behin argazkia elkarbanatuta, borondatezko laguntza ekonomiko bat emateko aukera ere izango da, ikastolaren alde joango dena. Aitor Bengoa Uzturpeko irakaslearen aburuz, «Kilometroak jaiari atxikimendua emateko modu erraz bat da, garai bateko jai egunean biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena».

Zailtasunen gainetik, irribarre

‘Irribarra’ da, hain justu, aurtengo Kilometroak-en leloa. «Irribarrea tapatuta, estalita eta ia galarazita izan dugun garai hauetan, inoiz baino behar handiagoa dugu berau egiteko eta erakusteko», adierazi du Bengoak.

Bera bezala, 200 boluntario ari dira lanean iaztik Kilometroak burutu ahal izateko, baina pandemia biziki oztopatzen ari da haien lana, kontatu dute. «Birusa kontrolatzeko neurriek hainbat egitasmo bota dituzte bazterrera, eta beste asko birplanteatu behar izan dira. Honek guztiak sekulako lan karga suposatu digu», aitortu dute antolatzaileek.

Zailtasunak zailtasun, «Kilometroak jaiaren berrikuntzetako honek hamaika irribarre bildu ditu. Atxikimendua helarazteko modu ederra bezain erraza da, edonork eta edonon egiteko modukoa», animatu dute. Eta Julen Telleriak adierazi duen bezala, zera da garrantzitsuena, eta albiste nagusia: Kilmetroak aurten egin egingo da.