Frantziar Estatuko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, asteazken honetatik aitzina gizon homosexualek gainerako herritarrek dituzten irizpide berdinak beteta eman ahalko dute odola, berariazko murrizketarik gabe. Hori horrela, ez dute orain arte exijitzen zitzaien lau hilabeteko abstinentzia-aldia bete beharko.
1983tik 2016ra arte Estatu frantsesean gizon homosexualei ez zitzaien odol dohaintzak egiten uzten. 2016an, legedia aldatu zen, baina murrizketa bereziak ezartzen zitzaizkien oraindik gizon homosexualei. Izan ere, urte batez sexu-harremanik gabe egotera behartzen zituzten odola eman nahi baldin bazuten.
2019an, sexu-harremanik gabeko tarte hori lau hilabetetara murriztu zen, emailearen sexu-orientazioa erregistratzen zuen aurretiko elkarrizketa baten ostean.
Hemendik aurrera, beste edozein herritar heterosexual bezala, bazterketa-irizpide bakarrak drogen kontsumoan edo bikote aunitzekin izandako preserbatiborik gabeko sexu-harremanetan oinarrituko dira.
Hala ere, galdeketa horretan giza immunoeskasiaren birusari (GIB) buruzko galdera berriak sartu dituzte. Hala nola, GIBa izan zezakeen arrisku kontakturen batekin egon aurretik edo ostean kontsumitutako medikamentu prebentiboen erabilerari buruzkoak. Emaileak GIBa tratatzeko farmakoak hartu dituela baieztatzen badu, odol ematea lau hilabete atzeratuko da.