NAIZ
Bilbo

‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ Torrealdairen liburua aurkeztu dute

Joan Mari Torrealdairen ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztu zuten atzo Bilbon. ‘Egunkaria’ren sorreratik bortizki itxi eta epaiketara arteko ibilbidea jasotzen du, bere bizipenetatik abiatuta. Torrealdaik amaitzear zuen liburua hil zenean eta Joan Mari Larrartek bukatu zuen. 

Larrarte, Ekhilur eta Laboreko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.
Larrarte, Ekhilur eta Laboreko ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztu zuten bart arratsean Bilboko Kafe Antzokian, Joanmari Larrarteren eskutik eta Zenbat Gara elkarteak antolatutako ‘+1’ ekitaldi sortaren baitan.

Liburua Joan Mari Torrealdaik idatzi zuen eta bertan ‘Euskaldunon Egunkaria’ren ibilbide osoa kontatzen du, 1990ean sortu zenetik 2003an Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak bortizki itxi eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea. Torrealdaik sorrera prozesuan parte hartu zuen, Administrazio Kontseiluko kidea zen eta atxilotu eta torturatu egin zuten. Horregatik, liburua bere bizipenetatik abiatutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin eta dokumentazio ugarirekin osatu eta aberastua.

Torrealdai, baina, 2020ko uztailean hil zen, artean liburua amaitu gabe zuela, eta Joan Mari Larrarteri egokitu zitzaion bukatzea. Berak aurkeztu zuen atzo liburua.

Ekitaldian zera nabarmendu zuen, ‘Berria’k jaso duenez: «Joan Marik pentsatzen zuen bera gertuegi zegoela ‘Egunkaria’ren historia idazteko, eta beharbada beste batzuek egin beharko zutela hori, baina gertaeren kontakizuna bere ikuspegitik egin nahi zuen. Liburuan agertzen den guztia gertatu zen, ongi dokumentatuta dago, baina Torrealdairen ikuspegitik kontatua».

Eta ideia hau gailentzen da, guztiaren gainetik: itxiera mingarria izan zela, baina hori beste batzuek egin zutela, eta ‘Egunkaria’rena «arrakasta baten historia» dela.

Liburua aurkezteaz gain, atzoko ekitaldian gizarte ekimenetik sortu diren beste bi proiektu ere aurkeztu zituzten: Ekhilur kontsumo kooperatiba eta Labore supermerkatu kooperatiboa.