Urtero, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak literatur sariketa bat antolatzen dute idazleei bultzada bat emateko asmoz, martxan dituzten proiektuak aurrera atera ahal ditzaten. Hala, 2020ko irabazlea izan zen Maddi Ane Txoperenak bere lana eskuetan du jada.
Sexu abusuak haurtzaroan da ‘Ez erran inori’ eleberriak jorratzen duen gaia, idazle, kazetari eta bertsolariak gertu sentitu izan duen gaia. Hala ere, aurkezpenean azaldu duenez kontatzen dena fikzioa da, Lide gaztearen istorioa. «Gaia eta pertsonaiak hobe ulertzeko eta haiekin enpatizatzeko balio du. Isiltasuna puskatzea ez da erraza, eta eskerrak eman nahi dizkiet isiltasun hori apurtzen laguntzen duten guztiei», aipatu du. Bere iritziz, sexu abusuek isiltasuna dakarte bere baitan, eta horregatik da hain zaila horrekin apurtzea. Eta isiltasun hori apurtzera ausartzea jada sexu abusuen aurka borrokatzeko modu bat da berarentzat.
Bere ustez haurtzaroko abusuak tabu bat izaten jarraitzen dute, batez ere familian ematen direnak, familia instituzio sakratua delako eta gertaera horiek azalaraztea dena hankaz gora jarri dezakeelako. Adierazi du bost haurretik batek jasaten duela sexu abusua; nesken artean hirutik batek. Kasu gehienak inguru hurbilean ematen dira.
Espresio bide bat
Izan ere, berarentzat literatura, gainontzeko arteak bezala, espresio bide bat da eta horregatik barneko gauzak adierazteko lagungarria izan daiteke. Kasu honetan, sexu abusuen inguruko kontakizuna azalarazteko balio izan zaio. «Lide haurra zela bere bizilagunak sexu abusuak egin zizkion. Txikitan gertatutakoa da lehen kapitulua, eta gero horrek nerabezaroan ekarri zizkion ondorioak kontatzen dira», azaldu du.
Adinean aurrera egiterakoan, urte batzuk lehenago gertatutakoa gogora etortzen zaion eta bakandu egiten da, eta laguntza gertu dituen errekurtsoetan bilatzen du: kalamua, animaliak, musika... Guzti horrek, hizkuntza eta paisaiekin batera, garrantzia handia du. «Ez dut inolako leziorik eman nahi. Sexu abusuen erralitatea oso anitza da, eta hau bat besterik ez da, Liderena», gogoratu du.
Liburuan zehar Txoperenari gustatzen zaizkion aipu eta kanten zati ugari daude. Adibidez, Barbara abeslari frantsesaren ‘L'aigle noir’ kantarena. Sexu abusuei buruzko podcast bat entzuten ari zela ezagutu zuen, eta asko gustatu zitzaion, are gehiago jakitean abeslariak haurtzaroko pasadizo bat kontatzen duela bertan. «Bere aitak berataz abusatu zuen. Niretzat abesti honek erakusten du sufrimendutik atera daitekela, eta gauza politak sortu daitezkela. Niri horrek lagundud dit, niri liburua atera zait», aitortu du.
Idazlearen hitzetan, liburua «ilun samarra da, batez ere aurrekoarekin konparatuz –‘Ene baitan bizi da’ (2020)– nahiko tonu desberdina du. Hala ere, nahiko erraz irakurtzen da», esan du. Kontakizunean iragana eta orainaldia erabiltzen ditu, baita lehen eta hirugarran pertsona, Lideren sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko edo pelikula bat balitz bezala kanpotik begiratzeko. «Literaturak asko lagundu nauen zerbait da», azpimarratu du Txoperenak. 1990.ko hamarkada eta gaur egun bitartean kokatzen da istorioa, Donapaleu eta Baiona artean.