Jauzia osatzeko aukera paregabea

Sansek Mirandesen bisita hartuko du larunbatean (14.00), 18. postutik bi puntura geratzeko aukerarekin. Alkain eta Clemente itzuli daitezke.

Denboraldiko une onenean daude donostiarrak. Irudian, Karrikaburu Sportingen aurkako neurketan.
Denboraldiko une onenean daude donostiarrak. Irudian, Karrikaburu Sportingen aurkako neurketan. (Andoni Canellada | Foku)

Denboraldiko une onenean heldu dio Sansek azken txanpari. 2021a Ipuruan galduz itxi ondoren, kondenatuta zirudien talde donostiarra baina urte berriak aldaketa nabarmena ekarri dio, zelaian egiten dituen merituei emaitzetan islada emanez. Bi partida besterik ez dituzte galdu txuri-urdinek aurten jokatutako bederatzi jardunaldietan, mailari eusteko ilusioa berpiztuz. Desabantaila izugarri handia zenez, akats tarte eskasa dute baina Bigarren Maila hain luzea denez, aurrera egiteko aukerak ez zaizkie falta izango. Eta horien artean, larunbat honetakoa bereziki garrantzitsua dirudi jauzia osatzeko, beren aurkari zuzenetariko bat hartuko baitute Anoetan (14.00), sei puntuko abantaila besterik ez baitauka 17. postuan datorren Mirandesek, igandean Leganes bisitatuko duen Sportingena baino puntu bat handiagoa.

Xabi Alonsok ez du uste final bat denik «oraindik 30 puntu geratuko baitira lehiatzeko eta gauza asko gertatu daitezkeelako» baina, aldi berean, geratzen diren partida guztiak «finaltzat hartu» daitezkeela uste du. Horrela ekingo dio bere taldeak, ez hainbeste «aurkari zuzena izateagatik, baizik eta hiru puntu daudelako jokoan. Guretzat partida guztiak ezinbestekoak dira, horrela joan ginen Burgosera, horrela hartuko dugu hau eta horrela ekingio diogu hurrengoari ere». Hainbat hilabeteotan izan ez duten abantaila txiki batekin ere, azken asteotan lortutako emaitzek eskaintzen duten konfiantza. «Badakigu egin dugunak ez daukala eraginik biharkoan pentsatzen baina garbi dago dinamika ona dela. Bagenekien buelta eman behar geniola, joku aldetik ez geundelako hain urrun. Baina orain emaitzak lortzen ari gara. Eta bihar dinamika honi jarraipena eman nahi diogu, partida ondo jokatu. Badakigu partida borobila egin beharko dugula beste emaitza on bat lortzeko».

Dinamikaren indarra ez da azken jardunaldiotan txuri-urdinak bultzatu dituen bakarra. Zale gehiago bildu dira hilabete askotan hutsik egon diren Reale Arenako harmailetan eta taldeak eskertu du. Bihar ere laguntza hori izatea espero du Xabi Alonsok. «Azken partidak desberdinak izan dira. Lugo, Malaga, Sporting… Zaleen soinua hor zegoen, zaleen babesa, zalen txaloak… Eta jokalari hauek, gazteak direla… Zaleen eragina beraiengan handitzen da. Momentu txarretan babes hori jasotzea, pixkat bat gehiado sufrizeko edo pixkat bat gehiago emateko asko nabaritzen ari gara, asko eskertzen dugu eta biharkoan pentsatzen sentsazio ona daukat. Jendea etorriko dela uste dut, kluba laguntzen ari da erraztasunak ematen, jendeak ere presente dauka laguntza behar dugula… Giro polita egongo dela eta nabarituko dugula uste dut», esan du entrenatzaile gipuzkoarrak.

Gipuzkoarra da baita ere Mirandeseko entrenatzailea, Mirandesen aulkian Lolo Escobar ordezkatu ondoren, gorritxoen azken lau partidak zuzendu dituen Joseba Etxeberria, alegia. Alonsoren ustetan, elgoibartarraren eskua «nabaritzen ari da jada» baina, horrekin batera, Mirandesek dituen «jokalari gazte eta kalitatezkoak» azpimarratu du. Baita partida zein garrantzitsua den eurentzat ere. «Talde guztientzat, izan ere, klub guztiek asko dutelako jokoan, onerako edo txarrerako. Eta asko nabaritzen da partida guztietan, tentsio handia dago, ikusi besterik ez dago zenbat partida erabakitzen diren 85. minututik aurrera», azpimarratu du.

Presioaren kudeaketak, horrela, gauza asko erabaki ditzake. Eta Sanse bezelako talde batentzat, helburua eta ikasteko bidea izan daiteke aldi berean, alde batetik «astean zehar lehiatzeko prestatzen garelako, entrenamenduak eta prestaketa horretarako dira» eta, bestetik, etorkizunerako esperientzia garrantzitsuak pilatuko dituztelako bere jokalariek. «Eliteko futbolean, futbol profesionalean lehiatzeko prestatzen ari gara, puntuek garrantzi handia duten egoerak bizitzeko, erabakiorrak izan daitezkeen akatsak, jokaldi onak ere…», azaldu du.

Alten eta bajen gorabeherak kudeatzen aditua bilakatzen ari da Alonso bera. Kasu honetan onerako izan beharko litzateke, Alkainek eta Clementek joan den astean bete baitzuten euren zigorra. Baina entrenatzaileak beste behin itxaron beharko du hamaikakoa eta deialdia egiteko, lehen taldearen beharrak ezagutu arte. Datorren asterako badago beste deialdi bat ere, gaur jakin baita Beñat Turrientes eta Jon Karrikaburu, Jon Pachecorekin batera, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin joango direla Europako Txapelketarako sailkapen faseko bi partida jokatzera eta, ondorioz, ezin izango dutela 33. jardunaldiko Ibizaren kontrako norgehiagoka jokatu.

SANSE
Hamaikakoa: Zubiaurre; Sola edo Blasco, Gonzalez de Zarate, Clemente, Jonathan Gomez; Roberto Lopez, Turrientes, Olasagasti; Alkain edo Valera, Karrikaburu eta Robert Navarro.

MIRANDES
Hamaikakoa: Lizoain; Carreira, Arroyo, Jorge Saenz, Imanol; Meseguer, Garrido, Brugue, Riquelme; Íñigo Vicente eta Camello.
Deialdia: Odei Onaindia, Haissem Hassan, Tchimbembe, Capellini, Martín Calderon, Marques, Iago Lopez, Datkovic, Jorge Agirre eta Ramon Juan
Bajak: Alex Lopez, zigortuta; eta Oriol Rey, Simon Moreno eta Gelabert, lesionatuta.

Epailea: Galvez Rascon (Madril).
Zelaia: Reale Arena.
Ordua: 14.00 (Movistar+).