Alaia Sierra

Artiach-eko galletagileek lau hilabete daramatzate greban

Azaroaren 22an hasi ziren Artiach enpresako langileak egunero lau orduko lanuzteak egiten bidezko hitzarmen baten alde eta enpresaren proposamenaren aurka. Hiru hilabete baino gehiagoren ostean, grebak aurrera jarraitzen du.

Artiach-eko langileak grebaren 100. egunean egindako mobilizazioan.
Artiach-eko langileak grebaren 100. egunean egindako mobilizazioan. (LAB Sindikatua)

Martxoaren hasieran ehun egun bete zituzten greban eta ordutik jarraitu dute eguneroko piketeak eta lau orduko lanuzteak egiten Artiacheko langileek. Enpresaren hainbat eskaintza jaso dituzte negoziazioan aurrera egiteko, baina grebaren aurkakoak zirelakoan, ez dira akordio batera heldu. LAB, ELA eta ESK sindikatuek bultzatzen dute protesta.

2019. urtean hitzarmen berria negoziatzeko unea heldu zenean, langileek parte sozialaren plataforma proposatu zuten. Enpresak, aldiz, hitzarmenerako plataforma propioa erabili behar zela esan zuen. Negoziazioa hasi bezain laster ikusi zuten enpresaren proposamena «oso agresiboa zela, astakeria bat», salatu du Andres Larrinagak, Orozkoko lantegian LABeko ordezkariak.

Ordutik indarrean dagoen hitzarmenarekin, lan orduak luzatu, asteko lan egunak aldatu eta soldatak murrizten zaizkie langileei, besteak beste. Lanuzteen helburua plataforma horren aurkako jarrera erakustea da eta, funtsean, soldatetan murrizketarik ez egitea, lanaldia ez handitzea eta antzinatasun eta gaueko plusak ez murriztea.

Larrinagak azaldu duenez, «enpresak defendatzen duena beste lantegi batzuetan lana merkeago ateratzen zaiela da eta horregatik egiten dituztela murrizketak. Baina desberdintasuna, berez, txikia da», salatu du.

Gainera, «Artiachek 18 milioi euro dauzka inbertituta epe luzera, beste 10 milioi beste kontu batean eta 20 milioi euro inguru dauzka beste enpresa batzuetan, eta hori begiratu beharreko zerbait da», salatu du LABeko kideak. Horretaz gain, «enpresak bi epai ditu bere aurka, grebarako eskubidea urratzeagatik», ekarri du gogora.

«100 urteko borroka, 100 eguneko greba»

Greba hasi zenetik hilabete batera, abenduan, langileek Gabonetako oporrekin negoziaketarako eskaintza egin zioten zuzendaritzari, baina honek ez zuen onartu. Urtarrilean, aldiz, plataforma sozialarekin hitz egiteko aukera eman zieten enpresatik, baina greba amaituta. Beraz, ez ziren akordio batera iritsi.

Martxoaren 1ean grebak 100 egun bete zituen. 1922. urtean zortzi orduko lanaldia lortzeko egindako greba gogoratzeko, «100 eguneko greba, 100 urteko borroka» lelopean Orozkoko lantegitik Deustuko Erriberaraino mobilizatu ziren langileak. Hortik, Lakuako Gobernuak Bilbon daukan ordezkaritzaraino egin zuten manifestazioa.

Martxoaren 3an, negoziazio plataforma baliogabetuko zuela jakinarazi zuen enpresak. Hala ere, langileek eguneroko lau orduko lanuzteari uko egitea eskatu zuten. Gainera, «piketeekin ez zutela negoziatuko» adierazi zuten, Larrinagak azaldu duenez. Are gehiago, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, pikete feminista egin zuten lantegiaren aurrean, Orozkon.

Gehiago izan da: Martxoaren 16an, aurreko asteazkenean, Gasteizko Parlamentuan Artiachen auziaren inguruko agerraldia egin zen. Hurrengo egunean, Elena Perez Barredo Lakuako Gobernuko Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin batzarra egin zuten grebalariek. Andres Larrinagak azaldu duenez, bilera «grebaren nondik norakoak azaltzeko baliogarria baizik ez zen izan».

Horren ostean, martxoaren 28an eta 29an edo apirilaren 1ean negoziatzeko prest daudela esan zieten ostegun honetan langileei. Baina jarritako baldintza egun horietan lanuzterik ez egitea da. Hortaz, ez dute eskaintza hori onartuko. Ikus daitekeenez, enpresaren baldintza beti lanera itzultzea izan da. Horren bidez, enpresak, LABeko ordezkariaren ustetan, «grebak ez duela balio adierazi nahi du, gerora honen baliagarritasuna gutxiesteko».

«Ezkutuko» gutxieneko zerbitzuak eta «barruko eskirolajea»

Lanuzteen lehenengo egunetan gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen enpresak. Geroago, bidegabekotzat jo ziren eta bertan behera geratu ziren. Hala ere, sindikatuek zuzendaritza «ezkutuko» gutxieneko zerbitzuetaz eta «barruko eskirolajeaz» baliatzen dela salatzen dute.

Haien ustez, eta Larrinagak azadu duen moduan, lanuzteak egiten dituzten langileen egitekoak betetzeko Artiachek behin-behineko kontratuak egin dizkie beste langile batzuei. Horrela, beraz, enpresak berak «eskirolak» egotea «sostengatzen du».

«Litekeena da enpresaren jarrera honek gerora Ikuskaritza bere kontra izatea suposatzea», ondorioztatu du LABeko ordezkariak.

«Barruan zegoen presioa itzela zen»

Grebako lehendabiziko asteetan, Andres Larrinagak adierazi duenez, «nahiko tentsio handia zegoen» enpresaren eta langileen artean. Gainera, greba gehiengo sindikalak babesten duen arren, UGT eta sindikatu independente bat ez daude honen alde. Larrinagaren adierazpenen arabera, «enpresa horretaz baliatu da eta sindikatu eskirolekin batera presioa egin dute».

Lehenengo hilabete horietan, beraz, «alde bietako presioa» zegoela ziurtatu du LABeko ordezkariak. «Askotan ez da ikusten baina grebaren hasieran barruan zegoen presioa itzela izan zen». Hala eta guztiz ere, Orozkoko lantegiaren zuzendaritzaren mugitzeko aukera «ez da hainbestekoa, gai batzuk beste leku batzuetan negoziatzen direlako», argitu du Larrinagak.

Lakuako Gobernuari eragiteko eskatu diote, bestalde, hiru eskaeraren bidez. Batetik, hitzarmena lortzeko enpresarengan presioa eragin dezan; industria sektorean ematen den soldata arrakalaren aurkako neurriak ezar ditzan; eta Adam Foods, Artiachen jabetza duen enpresak lantegia berritzeko inbertsioak egin ditzan.

Perez Barredo sailburuordearekin eta aurretik Legebiltzarreko guztekin izandako bilerei dagokienez, «berba onak» jaso dituztela ziurtatzen du Larrinagak. Hori ikusita, etorkizunean Lakuarekin komunikazioak aurrera egingo duen «esperantza» daukate.