«Jo ta ke, irabazi arte» gisako animoak indarrez entzun dira Majadahondako izotz pistan eta animoek fruituak eman dituzte. Izan ere, Txuri-Urdin izotz hockeyko taldeak historian lehen aldiz, liga garaikurra irabazi du azken hamarkadan nagusi izan den taldea mendean hartuta.
Aurreko hiru denboraldietan, bi aldiz lehiatu dira elkarren aurka play-offeko finalean eta bietan, Majadahonda izan zen garaile. Talde madrildarrak azken bederatzi urtetan zortzi garaikur altxatu ditu eta horregatik, hain zuzen ere, balentria ederra egin dute donostiarrek.
Nagusi izan ziren lehendabiziko deman, Donostian jokaturikoan (4-2) baina lanak betetzeko Majadahondan partida bat irabazi beharra zeukaten. Hainbeste desio zuten garaikurra, ez dituztela utzi lanak hirugarren partidarako. 2-3 nagusitu dira gipuzkoarrak eta gogotik ospatu dute garaipena.
Izerdi asko bota behar izan dute, hori bai. Lehen zatia 1-2 bukatu da eta bigarrenean, aldeak handitu ditu Cecilia Pilar Lopezek, atsaldeko bere bigarren gola eginez.
Bederatzigarren minuturako aurretik zeuden etxekoak baina, gaitz erdi, sasoiz irauli dute maragailua donostiarrek. Leticia Abrisquetak egin du berdinketaren gola eta lehen zatia amaitu baino lehen, kanadiarrak egin du 1-2koa.
Bi goleko aldearekin hasi dute donostiarrek hirugarren eta azken zatia eta hortzak gogor estutu behar izan dituzte. Partida amaitzeko zazpi minuturen faltan, Andrea Merinok 2-3koa egin du eta berdinketa lortzetik hurbil izan dira etxekoak.
Orduan bilakatu dira animoak inoiz baino funtsezkoago, eta taldea eta harmailak, elkarrekin batera borrokatuz, Txuri-Urdinen lehendabiziko liga garaikurra altxatzeraino iritsi dira.
Talderik golegileena
Denboraldi erregularrean, talderik golegileena izan da Donostiakoa 108 golekin. Soilik partida bat galdu zuen, Majadahondaren aurka, hain zuzen ere, gol gutxien jaso duen taldea, alajaina (7). Denboraldi erregular osoan zazpi gol jaso eta finalean, bi partidatan, beste horrenbeste sartu dizkio Txuri-Urdinek.
Apirilaren erdialdean, Kopa jokatu dute. Jacan jokatuko da azken fase osoa. Milenio Panthersekin batera, Majadahonda eta Txuri-Urdin izango dira bertan eta beste taldea Quimeras Valdemoro eta Kosner Club Hielo Huarteren arteko kanporaketako irabazlea izango da –asteburu honetan erabakiko da–.