NAIZ
Iruñea

Nafarroako Gobernuak ez dituela hizkuntz eskubideak betetzen erakutsi du Behatokiaren ikerketak

Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa aurkeztu du Behatokiak. Sail gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da %3ra heltzen; batzuetan, %2ra ere ez. Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak euskara erabili nahi duten herritarrak are gehiago mugatuko dituela salatu du.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria, astearte honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako prentsaurrekoan.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria, astearte honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako prentsaurrekoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak azken hilabeteetan egin duen Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinetako plantilla organikoaren azterketa eta ondorioak aurkeztu ditu Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako prentsaurrekoan. Azterketaren xedea izan da herritarrek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak, zehazki hizkuntza eskubideak, bermatzen ote diren ezagutzea.

«Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala bermatzen herritar guztien hizkuntz eskubideak, hau da, euskara ikasi edo administrazioarekin erabili ahal izatea. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak duen helburu eta betebehar garrantzitsu bat ez du behar bezala aurrera eramaten: Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena bultzatzearena», adierazi du Gaubekak.

Izan ere, azaldu duenez, herritarren eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko, euskara ikasteko baldintza egokiez gaindi, funtsezkoa da herritarrari euskara eroso erabili ahal izateko espazioak eskaintzea. «Eta hori, administrazioarekin ditugun harremanetan behar bezala bermatu gabe, nekez zabaldu daiteke gizarteko beste espazio batzuetara».

Bestalde, agertu duenez, Nafarroa osoko herritarrak administrazio sistema berdinaren pean dauden heinean, ezin dira betebehar horiek mailakatu, «argi ikusi baita, hizkuntza eskubideak lurralde eremuaren arabera zatitzeak Nafarroa osoko herritarrak kaltetu eta herritarren arteko berdintasun eza sortzen duela».

Aldarria: lanpostu elebidunak sail guztietan

Behatokiak aldarrikatu duenez, hizkuntz eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea. Horrela, herritarrek edozein tramite, kontsulta, informazio edo azalpen euskaraz inongo albo kalte ondoriorik jasan behar izan gabe jaso edo aurrera eraman ahalko lukete.

«Ez da nahikoa lanpostu gutxi batzuei hizkuntza profila ezartzea, horrek zerbitzu sistema osoa baldintzatu eta administrazioaren efikazia oztopatu dezakeelako», nabarmendu du Agurne Gaubekak.

Merezimenduen Dekretu berria

Behatokiak ondorioztatu duenez, gaur egungo Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren argazkiak ezinezko egiten du herritarrak administrazio ezberdinetan euskara erabili ahal izatea. «Hori gutxi balitz, lan deialdi publikoetarako Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak, argazki hori hobetu ordez, eta lanpostu publikoetan euskarazko zerbitzua bermatzea bultzatzeko merezimendu neurri egokiak hartu beharrean, euskara erabili nahi duten herritarren aitortza gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak eremu gutxi batzuetara zokoratu eta mugatuko ditu», salatu du.

Hainbat galdera sortzen zaizkiela esan du Gaubekak. Adibidez, «departamentu guztietako lanpostuetan perfil elebidunak ezarri eta etorkizuneko deialdi publikoetan euskararen merezimendua behar bezala eta Nafarroa osoan puntuatzen ez bada, nola ezarri behar da euskarazko zerbitzua eta arreta? Halaber, nola bermatuko zaio euskara erabiltzen duen herritarrari, bere mezua ongi ulertuko dela edo gaztelania erabiltzen duen herritarren berme eta azkartasun berberarekin artatuko dutela?».

«Zerbitzu zentraletan legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrek ez al dute eskubiderik? Eta legeak ezarritako eremu ez-euskalduneko herritarrei, zergatik ukatu behar zaie administrazioarekin euskara erabili ahal izateko eskubidea?».

Euskalgintzaren Kontseiluak nafar guztien eskubideak kontuan hartzea eskatzeko «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean abiatu duen kanpainarekin eta aldarrikapenarekin bat egin du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.