NAIZ

Rosarioko euskal komunitateak ‘Ikusi mendizaleak’ abestu du Aberri Egunerako keinu gisa

Rosarioko euskal komunitateak keinu bateratu bat egin dio 2022ko Aberri Egunari ‘Ikusi mendizaleak’ abestuz eta bideoa sareetan publikatuz.

Euskal Herria Batera plataformaren gonbidapenari erantzunez, Rosarioko (Argentina) euskal komunitateak keinu bateratu bat egin nahi izan dio datorren apirilaren 17an ospatuko den Aberri Egunari. Hori horrela, astearte honetan, bideo bat argitaratu du, non elkarrekin ‘Ikusi mendizaleak’ kanta abestu duten.

Zehazki, Rosario hiriko Gernika plazan kokatuta dagoen Euskal Etxean batu ziren Argentinako euskal komunitatearen dinamikako parte-hartzaileak. Era berean, gogorarazi zuten plaza honetan «Gernikako arbolaren kimu bat» dagoela, baita Fabia Ruccoren ‘Euskara oihua’ eskultura ere.

Era berean, abestiarekin batera, Aberri Egunean eta ‘Ikurraldian’ parte hartzeko deia luzatu diote euskal komunitateari. Izan ere, aurtengo protagonista diaspora izango da mundu mailako ospakizun honetan, lehen Aberri Egunetik 90 urte betetzen direnean.