NAIZ

Osasun publikoaren aldeko ekimenak deitu dituzte Hego Euskal Herrian apirilaren 2 eta 3an

Hainbat plataformak osasun publikoaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte apirilaren 2an eta 3an Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. Beste osasun sistema bat «beharrezkoa eta posible» dela adierazi dute.

Asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldia.
Asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Osasun publikoaren aldeko hainbat plataformak mobilizazioak deitu dituzte apirilaren 2an eta 3an Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. «Gure ustez, osasun publikoaren aldeko plataformak zabaltzeko, indartzeko eta koordinatzeko unea da, osasun sistema publikoa hobetzearen aldeko apustua egiten duten sindikatuekin eta profesionalekin bat eginez», adierazi dute Gasteizen eskainitako agerraldian.

Bertan gogoratu dutenez, «duela zenbait astetik hona hainbat plataforma biltzen ari gara, Hego Euskal Herrian eragile sindikal, profesional eta herritarrak egiten ari diren elkarretaratzeak, manifestazioak, sinadura bilketak eta lanuzteak bultzatu, babestu eta herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde».

«Herritarren behar horiek pandemiaren kudeaketan guztiz ez nahikoa izan den osasun asistentziaz harago, honako hauek eskatzen dituzte: kontsultan aurrez aurreko arreta, itxaron zerrendak mugatzea, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei etengabeko arreta, prozesu larrien diagnostiko goiztiarra, hala nola minbizia», adierazi dute.

Eta horretarako Lehen Mailako Arretan oinarritutako sistema bat beharrezkoa dela ohartarazi dute, «osasun publikoa indartuko duena, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena, osasun fisikoa, mentala, aho-hortzetakoa, ingurumenekoa, lanekoa… doakoa izango dena, koordainketarik gabe eta ikerketa bultzatuko duena».

Izan ere, haien esanetan, osasun sistema publikoaren egungo krisiaren eta, bereziki, Lehen Mailako Arretaren krisiaren arrazoiak «ez dira soilik profesionalen falta eta ustekabeko pandemiaren aurrean babes edo txerto baliabiderik ez izatea, gure gobernuetako kudeatzaileek dioten bezala».

«Osasun sistema publikoaren egungo degradazio egoera gure gobernuek aurrekontu publikoak osasun negozio pribatuen interesen alde erabiltzeko egindako apustuaren emaitza da. Eta politika horiek desberdintasunen etengabeko gorakadaren erantzule dira», nabarmendu dute haien eskaerak aurkeztu baino lehen.

Hala, Osasun Sailetarako aurrekontuak egungo %5,5etik %7ra igotzea eskatu dute, eta Lehen Mailako Arretaren finantzaketa egungo %15etik %25era igotzea, «Osasunaren Mundu Erakundeak ezartzen duen bezala».

«Zerbitzuen pribatizazioen, itun publiko-pribatuen, pazienteak osasun negozio pribatuetara arrazoirik gabe bideratzearen, funtzionarioen mutualitateen eta mutuen mantentzearen odolustea eten» egin behar dela adierazi dute; «diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko enbutuak besterik ez» direlako. Eta industria farmazeutiko publiko eza kritikatu dute.

«Gaur, inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak; izan ere, gobernu horiek gai dira egun batetik bestera milioika euroko kopuru izugarriak bideratzeko banka pribatua salbatzeko, energia industrien espoliazioa ordaintzeko, edo industria militarraren gastu are handiagoari aurre egiteko», esan dute.

Beste sistema bat, «beharrezkoa eta posiblea»

Horregatik beste osasun sistema bat «beharrezkoa eta posiblea» dela azaldu dute. «Sistema horrek, aurrez adierazitako guztiaz gain, bere plantillaren enpleguaren prekarizazioarekin bukatzea eskatzen du, bai eta plantillaren eta biztanleriaren parte-hartze erreal eta aktiborako mekanismoak ezartzea ere, hori baita erabiltzaile gisa ditugun interesak eta beharrak artatzeko modu bakarra. Hego Euskal Herri osoan euskarazko arreta bermatuko duen sistema behar dugu».

Leioan Bizi, DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde, Izartu Mungialdea, TOPA Tolosa Osasun Publikoaren Alde, Osasun Publikoa Aurrera-Gasteiz, Gora Deustu, Bilbo Osasun Publikoaren Alde, Altsasuko Osasun Plataforma, Erandio Herri plataforma, Osasun Publikoa Aurrera! Algortako plataforma, Zumarragako 24/7 plataforma eta ZOPA Zornotza Osasun Publikoaren Alde plataformek sinatu dute asteazken honetan irakurritako oharra.