NAIZ
Baiona

Presoen egoeraren «kudeaketa politikoa» eskatu dio Bake Bideak frantziar Gobernuari

Yvan Colonnaren heriotzaren ostean eta Jakes Esnal eta Jon Paroten egoerak gogora ekarriz, frantziar Estatuak «kudeaketa politiko bat egitea onartu arte» desobedientzia zibileko ekintzak egiten jarraituko dutela azpimarratu du Bake Bideak. Hurrengoak, apirilaren 2an, Hazparnen eta Urruñan.

 Yvan Colonnaren senideei elkartasuna adierazi die Bake Bideak.
Yvan Colonnaren senideei elkartasuna adierazi die Bake Bideak. (Bob EDME)

Bake Bideak agerraldia egin du ostegun honetan Baionan. Bertan elkartasuna adierazi diote Ivan Colonnaren familia osoari. Preso korsikarra astelehenean zendu zen, hiru aste lehenago espetxean eraso larria jaso eta gero.

«Bere heriotza tragikoak, gertakarien inguruan erreakzionatzera behartzen gaitu.
Beste aterabide bat posible zitekeen preso honen eskubideak bermatuak izan balira. Bere osotasun fisikoa errespetatua izanen zen Korsikako presondegi batera hurbildua izan balitz, bere familiak eta berak ere eskatzen zuten bezala», adierazi dute.

Frantziar Estatuaren erantzukizuna azpimarratu du Bake Bideak. «Beste aterabide bat posible zitekeen korsikar presoen gaia arlo politikotik tratatzea onartu izan balu, Korsikako gehiengoaren aldarrikapenaren errespetuan». Parisek hori «beti ukatu» egin duela nabarmendu dute eta horrek «egoera dramatiko hontara» eraman duela.

Euskal presoekin ere frantziar Gobernuak erantzukizun horri uko egiten diola deitoratu dute. «Jakes Esnal eta Jon Paroten egoerari isiltasun osoarekin erantzuten die Estatuak eta Macron Jaunak», nabarmendu dute. «Bere ezaxolakeriak eta gelditasunak mespretxu osoa adierazten diete, euskal gizartetik egin diren etengabeko indarrei. Euskal gizarteak sekulako indarrak egiten baititu bake prozesuak aurrera egin ahal izateko, presoen gaia konpontzea ezinbestekoa dela oroitarazteko behin eta berriz».

Bi preso hauek 71 urte baino gehiago dituzte eta laster 32 beteko dituzte espetxeratuta. «Kondenen aplikaziorako epaileak baiezkoa eman die behin baino gehiagotan askatasun eskaerei, baina terrorismoaren kontrako prokuradoreak sistematikoki dei egiten du, itsuki. Injustizia baten aitzinean gara, irmoki salatzen duguna, baitakigu arazoak irtenbidea duela Estatuaren goi mailan tratatzen bada».

Esnal eta Paroten kasuan «Gobernuak egoera usteltzera uzten badu denbora pasatzen utziz», irtenbide tragikoa ez dutela «onartuko» azpimarratu dute.

Hori dela-eta «desobedientzia zibileko ekintzak» egiten jarraituko dutela iragarri dute, «Estatuak kudeaketa politiko bat egitea onartu arte».

Zentzu horretan, apirilaren 2an, 9.30ean, Hazparnen eta Urruñan jarri dituzte hitzorduak.