NAIZ

Fagor Taldeak jaso du Abbadia Saria, euskararen erabilera indartzeko egindako lanaren aitortza

Fagor Taldeak jaso du ostiral honetan 2021eko Abbadia Saria, Arrasaten egindako ekitaldi batean. Markel Olanok adierazi duenez, «hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker, berretsi duzue posible dela lantokian euskararen erabilera normalizatzeko urrats sendoak egitea».

Joxean Alustizak jaso du saria langile guztien izenean.
Joxean Alustizak jaso du saria langile guztien izenean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Fagor Taldeak jaso du ostiral honetan 2021eko Abbadia Saria, hamarkada luzez euskararen erabilera indartzeko egindako lan kolektiboaren aitortza.

«Hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker, berretsi duzue posible dela lantokian euskararen erabilera normalizatzeko urrats sendoak egitea eta, aldi berean, mundu eleanitz batean, nazioarteko merkatu zorrotzenetara zabaldu eta bertan lehiatzea», adierazi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, Arrasateko Kulturolan egindako ekitaldian.

Bertan izan dira Debagoieneko talde industriala osatzen duten zortzi kooperatibetako ordezkariak eta taldeko presidentea, Joxean Alustiza. Honek jaso du errekonozimendua, langile guztien izenean.

Esker oneko hitzak izan ditu eta euskararen sustapenean lankide izan dituzten eragile, erakunde eta gainontzeko kooperatibekin urte hauetan guztietan izandako elkarlanaren garrantziari erreparatu dio, euskarak gaur egun Fagorren duen estatusa lortzeko bidean.

«Eragile sozioekonomiko gara. Gizartearekiko konpromisoak eraginda sortu ginen. Eta halaxe dihardugu. Erronkak, potoloak dira, bai. Baina, pozik gaude egiten gabiltzan bidearekin. Gaurko aitortzak, bidean segitzeko indarra ematen digu. Gaur, atzo baino indartsuagoa da gure konbikzioa», adierazi du.

Eta egindako ibilbidea ekarri du gogora, kooperatiba taldeko kide bakoitzaren, eragileen eta bidelagunen lana eskertuz. «Ibilbide honetan, guztion ahalegina da beharrezko. Finean, Euskal Herriko industria kooperatiba talde handiena da Fagor, eta, beraz, erronkak ez dira egun batetik bestera gainditzekoak. Baina, badabil, guztion ahaleginari esker», azaldu du Alustizak.

Hain zuzen ere, 5.000 langile ditu Fagor Taldeak Euskal Herrian; 10.000tik gora, mundu osoan banatuta. Eta sektore ezberdinetan diharduten zortzi kooperatibek osatzen dute. «Asko eta askotarikoak, bai. Leku askotan, gainera. Baina aniztasun horretan, euskarak beti du lekua», gaineratu du.

«Gero eta eleanitzagoa»

Olanok gogorarazi duenez, eremu sozioekonomiko «gero eta eleanitzago batean», Gipuzkoan eta Euskal Herrian euskara «funtsezko tresna» da lanerako, talde lanean aritzeko, kalitatezko arreta eta zerbitzuak eskaintzeko” Hori horrela, euskararen biziberritze prozesua «bidegurutzean» egonik, «euskararen orotariko garapena» bultzatzeko beharraz mintzatu da.

«Hizkuntzari ate berriak zabaltzen segi behar dugu. Horietako bat, zalantzarik gabe, lantokietako eguneroko jarduna da. Eremu sozioekonomikoa, azken batean. Euskal gizarteak, bere osotasunean, inbertsio handia egin du, egiten dugu, hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitatea euskalduntzen. Horri esker, gabeziak gabezia, gaur egun enpresetara iristen diren ikasleek inoizko ezagutza handiena dute euskarari dagokionez. Inbertsio horri lan munduan jarraikortasuna emateko garaia da», azpimarratu du.