Liga alboratzeko eta Kopa behin betirako ahazteko ordua du Bidasoa-Irunek. Asobalen bigarren postuan mantentzen da talde irundarra –Granollersen hirugarrenarekin 30 punturekin berdinduta– eta iragan asteburu honetan Antequeran jokaturiko Kopan, katalanen kontrako lehen neurketako luzapenean geratu zen kanporatuta Jacobo Cuetararen taldea, baina moralki ezin du aitzakia izan astearte honetan hasiko duen hurrengo erronkarako.
Bidasoak GOG talde daniar indartsua hartuko du Artalekun (20.45, ETB4), EHF European Leagueko Last 16ko joaneko partidan. Apirilaren 5ean itzulekoa jokatu beharko dute Danimarkan; beraz, bihar emaitza ona ateratzea berebizikoa izango da datorren astera bizirik iristeko edo, zergatik ez, aurkariari –daniarrak txapelketa irabazteko faboritoak dira– presioa jartzeko.
Talde gipuzkoarra baldintzatuta iritsi zen Kopara, Jon Azkue lesionatuta baitzegoen eta Kauldi Odriozola eta Esteban Salinas duda zirelako. Oraingoan gauza bera gertatzen zaio, baina egoera agian okerragoa da. Azkuek ez du jokatuko berriro ere, txiletarrak mina hartu zuen sorbaldan Granollersen kontrako kanporaketan eta Kauldik –minutuak izan zituen baita ere Kopan– lesio batetik osatzen jarraitzen du. Azken bi hauek presentzia airean egongo da azken momenturarte.
«Niri gehien kezkatzen didana da gure maila ematea eta etxean jokatzeagatik urduri ez jartzea», azaldu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak atarikoan. Zentzu honetan, Artalekuren intimidazioaz mintzatu da, «Europako kanporaketa hauetan pista faktorea gakoa izaten baita honelako aurkari handi baten kontra irabazi ahal izateko».
GOG daniarrak Last 16ko fase honetara sailkatu diren SL Benfica, HBC Nantes eta TBV Lemgo taldeekin konpartitu du multzo fasea. Beraz, biharko aurkariaren maila argia da. Hala ere, Bidasoako jokalariak «ahalik eta ilusio handienarekin eta oso motibatuta daude», azpimarratu du Cuetarak.
Hori bai, abisatu du aurkaria «Champions maila duen taldea» dela. Izan ere, Danimarkako Ligako liderra da, Aalborgi bost puntuko aldea ateraz, eta European Leagueko final-zortzirenetako kanporaketa honetara bere taldeko lehena bezala sailkatu da.
«Oso talde handia da, Final Four-ean sartzeko faboritoa, baina gu betiko moduan borrokatuko gara», gaineratu du.
«Ez dago ezinezko misiorik»
Argi dago faboritismoa GOGi pasa nahi diola Bidasoak, eta ongi egingo luke horrela jokatuz. Honek ez du esan nahi kanporaketa galdutzat jotzen dutela irundarrek. Izan ere, duela urte gutxi Asobal Ligara berriro igo zenetik, talde honek behin baino gehiagotan erakutsi du bere maila eta indarra. Horregatik ausartu da Cuetara honakoa esatea: «Inoiz ez dugu esaten ezer ez dela ezinezko misioa».
«Anbiziosoak gara eta Ligan Barçaren kontra egiten dugun bezala, hemen ere saiatuko nahi dugu. Ezinezkoa dela pentsatzen badugu, oso zaila izango da lortzea. Guregan sinistu behar dugu eta guk konfiantza dugu geure buruarekin», azpimarratu du entrenatzaile asturiarrak.
GOG taldeak baja garrantzitsu bat izango du Bidasoa-Irunen aurka. Daniarren jokalaririk destakatuena den Mathias Gidsel hegalekoak lotailu gurutzatua hautsi zuen otsailean. Horrez gain, Viktor Hallgrimsson atezain islandiarra duda izango da.
«Helburua itzuleko neurketara bizirik iristea izango da», adierazi du Cuetarak. «Kanporaketan zehar ahalik eta denbora gehien bizirik bagaude, aukera gehiago izango ditugu», amaitu du.