NAIZ

Langile bat hil da Eibarko pabiloi bateko teilatutik erorita

Langilea bost metroko altueratik erori da goizean eta arratsaldeko bostetan bere heriotza baieztatu da.

Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat, Barakaldon.
Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat, Barakaldon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

60 urteko langile bat hil da astelehen honetan Eibarko Azitain auzoko industria-pabiloi baten teilatutik erorita, Ertzaintzak eta Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman dutenez.

Goizeko hamaikak eta laurdenean gertatu da istripua. Pabiloiko teilatua konpontzen ari zenean, bost metroko altueratik erori da langilea.

Langilea larrialdi-zerbitzuek artatu dute eta Donostiako Ospitalera eraman dute gero lesio larriak zituela, baina arratsaldeko bostetan haren heriotzaren konfirmatu da.

Osalan lan osasunaren institutuak ikerketa bat hasi du lan istripuaren arrazoiak argitzeko.

Altueretako erorketak

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan-istripuan hildako hamalaugarren pertsona da Eibarren zendutako langilea, eta eroriko baten ondorioz hil den bosgarrena.

Aurretik ere LAB sindikatuak esana zuen erorikoek eragindako lan-heriotzak ugaritzen ari direla, «marka guztiak» hausteraino. Bilbon izan zen azken eroriko hilgarria; aldamiotik erori zen 37 urteko gizon bat.

Ordukoan aipatu sindikatuak ohartarazi zuen altuerako erorketak «behin eta berriz» ematen ari direla eta Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen «utzikeria» salatu zuen, bere esanetan, «inork ez duelako ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun ikuspegitik». «Errealitate honek sortzen ditu emaitza beldurgarri hauek», gaineratu zuen aurten erorikoengatik hildako langileak aipatuta.