Jon Ormazabal
Interview
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Binakakoarekin lasai egon naiz, erraztasunik ez didate eman eta»

Igandean 26 urte bete zituen eta hurrengo igandean bere hamargarren finala jokatuko du amezketarrak, binakako lehena. Hiru modalitateetako txapeldun izaten zortzigarren pilotaria bihurtzea nahiko luke, baina presarik gabe, «gauzak ez dira eta errazak».

Jokin Altuna.
Jokin Altuna. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ez dakit Eibarko azken porrot horrek oraindik minik egiten ote duen...

Ni pozik nago oso eta partida amaitu eta segituan esan nion Juleni ez genuela triste bost segundo ere egon behar. Argi dago hobeto jokatu behar dugula, baina triste inola ere ez. Oso animoso gaude, pozik egindako txapelketarekin eta nik behintzat sekula ez ditut bizi binakako finalerako bi aste hauek eta sekulako ilusioarekin.

Beti ari ginen Binakakoa falta zitzaizula. Heldu da finala.

Behar hori banuen, baina ez  jendeak esaten zuelako, nik neronek nahi nuen, ze urte hauetan binaka oso gustura aurkitu naiz, ez  txapelketan bakarrik. Baina  gauza bategatik edo besteagatik,  finalerdietan sartutakoan azken garaipen horren faltan geratu naiz, eta ez dut aukerarik  eduki azken partida hori borrokatzeko eta banuen gogoa. Aurten ondo heldu gara eta gustura. Igandean 26 urte egin nituen eta niretzat hamargarren finala da eta oso polita; Julenekin ere ilusio handia egiten dit  final hori jokatzeak.

Hiru txapelak irabazteko aukera ere tartean duzu gainera.

Hori da, latza litzateke hori, baina  horretan baino gehiago, final ona egiten zentratu, eta, gero, etortzen bada, ongi etorria izango da.

Zure dohainengatik zailagoa zirudien buruz burukoak...

Bai, hasieran bai, baina gauza jokatzea da. Irabazi batek egiten du. Ez da erraza, Aimarrek aurrenekoa ere 28 urterekin irabazi zuela uste dut. Dagoen sistemarekin, gainera, ahal duzu txapelketa ona egin, baina txapelketa luze batean detaileek ere badute zeresana eta bukaerara nola heltzen zaren ere garrantzitsua da, eta aurten ondo heldu gara.

Lehen urtetik ari zara abantailak ematen atzean...

Bai, normalean debutatu eta gazte zarela, edo ibilbidearen amaieran eman beharko lizkizukete abantailak. Nik lehen urtea Merinorekin jokatu nuen eta Irujo Rezustarekin jarri zuten, Aimar-Urrutirekin, Artola-Albisu… Bikote handiak ziren. Hurrengo urtean Abelekin, gero Julenekin bi urte… Sartu ginen finalerdietara, baina Ezkurdia-Zabaleta, Elezkano-Rezusta… Eta zuk esandako horregatik egon naiz lasai, jakin izan dudalako  gauzak errazak ez dizkidatela jarri. Ederki dakit hori, eta iruditzen zait lortu ditudan gauzak ondo egin ditudalako eta ateak neronek bota ditudalako izan direla eta gustura nago. Baina zuk esandako hori ere seinale ona da, gaztea izanagatik enpresak ondo ikusten ninduen, ze estutu dezentekoak sartu dizkidate. Horrek ere ematen dizu  indarra...

Iruditu zait aurten izan duzula bizkarra hobekien zainduta.

Babestua sentitu naiz, bai, Julenekin. Esango nuke oraingo Julen ez dela 20 urterekin jokatu zuen bera, normala da. Eta ni neu ere ez naiz bera, denborarekin hobetu egiten duzu. Momentu  justuxeagoak dituzuenean ere badakizu, lasai egon behar duzula. Gogoan dut, esaterako, lehen finalerdietan topera ginela, lehen partida galdu genuen justuan, buruz erori egin ginen eta hurrengo bietan egurra eman ziguten. Aurten hasieran bai izan genituen gorabehera batzuk, baina bigarren bueltan konfiantza handia eman dit Julenek, jokatzeko pilota gehiago utzi dizkiot berari. Igual beste txapelketa batzuetan urrutitik sartu eta lan gehiago egin dut eta oraingoan berriz ez dut hainbeste egin eta lasaiago jokatu dut, gehiago aukeratuz. Eta txapelketa amaieran nabaritu egiten da. Nik uste hori dena ondo kudeatu dugula  eta ondo heldu garela.

Nekea ere pilatuko zenuen...

Konfinamenduaz geroztik seitik bost final izan dira eta azkenerako ikasten da. Entrenamenduei trukoa hartzen diezu, eta Binakakoa bezalako txapelketa luze batean aurten pixka bat aldatu ditut. Lehen agian bi entrenamendu egiten nituen fuerte eta gero partida; orain frontoira agian gehiago joaten naiz, baina suabeago, atzeko txokoan ibili, erremateak egin... baina gorputzari halako egurrik eman gabe, gorputza ezagutzen ikasten duzu. Gertatu izan zait Binakakora justu xamar heltzea, baina ez igual txapelketa horregatik, aurretik daramazun guztiagatik.

Noiztik oporrik gabe?

Konfinamendutik ez ditut bi aste hartu, baina ezin kexatu. Aurten izango ditut eta aste bat ezer egin gabe pasa nahi dut.