NAIZ

Korrika, euskal kultura aniztasun sozial handiko Baionako auzoetara bertaratzeko tresna

«Korrikak eskaintzen duen parada erabiltzen dugu euskal kultura aniztasun sozial garrantzitsua duten gure auzo herrikoietara hurbiltzeko». Horrela azaldu du Baionako Saint-Etienne auzoan apirilaren 1etik 9ra prestatu duten egitarauaren xedea Unai Arkauz gizarte langileak.

Korrikak Baionako auzo herrikoietako elkarteak batu ditu euskal kulturari hauspoa emateko.
Korrikak Baionako auzo herrikoietako elkarteak batu ditu euskal kulturari hauspoa emateko. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako Saint-Etienne auzoko Hiritarren Bizirako Etxeko (MVC) koordinatzaileetako bat den Unai Arkauzek Kazeta.eus atariari azaldu dioenez, «Korrikak eskaintzen duen parada erabiltzen dugu euskal kultura aniztasun sozial garrantzitsua duten gure auzo herrikoietara hurbiltzeko».

Euskararen aldeko lasterketa herrikoia apirilaren 4an eta 9an igaroko da Ipar Euskal Herritik gaindi. Izan ere, Saint-Etienne auzoko MVC delakoan apirilaren 1 eta 9 artean egitarau oparoa prestatu dute.

Egun horietan guztietan euskal kulturari loturiko ekimenak ez ezik, bestelako proposamenak ere prestatu dituzte. Apirilaren 9an berriz, Korrika Baionatik pasako dela kontuan harturik, auzoetako elkarte eta jende oro euskararen aldeko lasterketan parte hartzera bultzatuko dute.

Horri begira, MVC beste elkarte batzuekin lankidetzan ari da Baiona garaiko auzoetan, hala nola, ASPTT kirol orotako elkartea, Gaia elkartea, Planning Familial egitura, Jakinola Hizkuntzen Etxea edota Bernat Etxepare lizeoarekin.

«Naziotasun eta kultura ezberdinak elkar bizitzen diren auzo hauetan sekulako kultur aniztasuna dugu. Ekimen hauekin gure euskal kulturaren izaera herrikoia transmititu nahi dugu; dantzaren, kantuaren, musikaren eta kirolaren bitartez», azpimarratu du Arkauzek.

Korrikaren historia eta gertuko bizipena

Apirilaren 1ean ekingo diote egitarauari, Gorka Roblesek «Euskal Herriaren zergatiak» liburuaren nondik norakoak partekatuko dituelarik, MVCn bertan, 18.00etatik goiti. Egun hartatik, aste osoan zehar argazki erakusketa bat izanen da Korrikaren historiari buruz. Bestalde, Izar Hitz koralak animatuko du gaualdia.

Apirilaren 4an, astelehenarekin, Paul Bru plazan «tortila desafioa» antolatu dute eta baita sukaldaritza atelier bat ere, Etxepare lizeoko ikasleen eskutik. DJ Brunok 17.00etatik goiti euskal karaokearekin animatuko du.

Apirilaren 5ean, MVC etxean 14.00etatik aitzina mus jokoa izanen da nahi duen ororentzat. Eskola Laguntzarako Tokiko Kontratua (CLAS) egiturako langileek 16.30etik goiti tailerra prestatuko dute eta Jakinola Hizkuntzen Etxeak hasi-berrientzat euskarazko klaseak eskainiko ditu.

Apirilaren 6a kirol jarduerez beterik helduko da, Gaia elkarteari esker. Biharamunean txalaparta izanen da 18.00etan eta, ostiralean, euskal dantzak Patxi Perezen eskutik tenore berean.

Apirilaren 9an Korrika Lapurdiko hiriburura arribatuko da arratsaldez. Horrendako, Maubec karrikan egitarau oso bat prestatu dute, astea borobiltzeko. 14.00etan kontzertua, graffitia, kirol jarduerak, taloak edota Korrikari begirako banderolen prestaketa izanen dira. 17.30ean arribatuko da euskararen lasterketa auzo herrikoietara.

«Korrika lasterketa herrikoia ezagutaraztea urrats handi bat izanen da. Baionan, zaila da gauza asko Maubec karrikara ekartzea, are gehiago euskal kutsukoak, beraz, gaiari buruz epe luzerako lan baterako oinarriak ezartzen entseatzen gara», borobildu du Unai Arkauzek.