Ekainaren 5ean Bastidan egingo da Euskal Eskola Publikoaren 29. edizioa. Hala iragarri du Ehigeko presidentea den Lourdes Imazek, Gasteizen egindako ekitaldi batean. Bertan egon dira ere Arabako Errioxako ikastetxe publikoetako ordezkariak, familiak zein zuzendaritza-taldeak. Izan ere, guztiak parte hartzen ari dira jaiaren antolakuntzan.
Gogoratu dutenez «2019ko azaroan prentsaurrekoa egin genuen Bastidako eskolan gaur batzen gaituen helburu berberarekin. Orduan ez genuen imajinatzen zenbat aldatuko zen gure bizitza hilabete gutxi batzuetan», covidak eragindako pandemiarekin.
«Argi genuen Arabako Errioxak merezi zuela Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat, eta hirugarrenean asmatu dugu: 2022ko ekainaren 5ean ospatuko dugu Bastidan Euskal Eskola Publikoaren 29. jaia», azpimarratu dute, ohikoa den bezala, festa eta aldarrikapena batuko dituztela nabarmenduz.
Hala, ekainaren 5ean «ikastetxe publikoen eguneroko lana balioan ipintzeaz gain, beharrezkoak ditugun baliabideak exijituko dizkiogu Administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko».
«Hazitik gora»
‘Hazitik gora’ da Euskal Eskola Publikoaren jaiaren leloa. «Beronen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean ipini nahi ditugu, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz», azaldu dute.
Beraien esanetan, «hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten».
Sei ikastetxe publiko daude Arabako Errioxan, eta ikastetxe guztietako guraso eta irakasleen ordezkariak parte hartzen ari dira Euskal Eskola Publikoaren jaiaren antolaketan, «izan ere gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko».
Egitarauari dagokionez, oraingoz soilik gune ezberdinak non egongo diren iragarri dute. Bastidako eskolan hasierako ekitaldia egingo da, herriko plaza jaiaren erdi-gunea izango da, piszinak eta ikastola aurreko zelaigunean haur eta gazteentzako guneak antolatuko dira eta frontoian bazkaria izango da. Irakaslearen plazan ere kultur ekitaldiak egongo dira.
Dena den, aurtengo jaiaren jarduerak ez dira ekainaren 5era mugatuko . «Ekainaren 4rako programa prestatzen ari gara, asteburua Arabako Errioxara hurbildu nahi direnentzat. Horretaz gain, jardunaldi pedagogiko bat egingo dugu maiatzean irakasle eta gurasoekin, eta abestia aurkeztuko dugu aste santuko oporren ondoren», adierazi dute.