Euskal Herria Bilduk Amaiurko batailaren bosgarren mendeurrena markatzeko Iruñean antolaturiko mobilizazioaren osagarri Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia eginen du Euskal Herria Baik apirilaren 17an Azkainen.
Asteazken arratsalde honetan herriko plazan eginiko prentsa agerraldian Gorka Tabernak eta Anita Lopepek, Azkaingo hautetsi abertzaleak eta Euskal Herria Bai alderdiaren bozeramaleak, hurrenez hurren, hartu dute hitza.
Lopepek eta Tabernak apirilaren 17rako antolaturiko egitaraua zehaztu dute.
Hala azaldu dutenez, ‘Burujabetza Euskal Herriarentzat’ lelopean 12.00etan hasita manifestazio batek Lapurdiko herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu.
13.30etik goiti herri bazkaria eta taloen salmenta izanen da plazan. Txaranga batek animatuko du, finean, aldarrikapen zein ospakizun kutsu bikoitza izanen duen eguna.
Aurkezpenaren hasieran bi ordezkariek oroitarazi dutenez duela bi urte, konfinamendua tartean, «etxetik ospatu genuen Aberri Eguna». Iaz, berriz, Euskal Herria Batera ekimena babestuz «plazetan kantatuz» ospatu zen euskal nazioa ohorean ezartzen duen eguna.
Etenaldi hori gaindituta, «Euskal Herriaren burujabetzaren alde garen guziok indarrak biltzeko eguna izanen da Azkaineko hitzordu» nabarmendu ondoren «ezkerreko abertzale guziei» Lapurdiko herrira bertaratzeko deia luzatu diete.
«Herri honek erakutsi du indarrak bilduz gauza handiak egiteko gai dela eta geroan ere, aitzinean ditugun erronkak handiak direla ikusirik, bide bera atxiki behar dugula uste dugu», adierazi dute Aberri Egunaren ospakizuna aurkezteko agerraldian.
Eskumen maila handiago izanen duen erakundea
«Azken hilabeteetan, ezberdinen arteko elkarlanari esker, zenbait erronka garrantzitsuri herri gisa erantzutea lortu dugu, esaterako euskarazko irakaskuntzaren defentsan, lurren espekulazioaren aurka, etxebizitza eskubidea berma dadin edo euskal preso politikoak askatzearen aldeko borrokan», gehitu dute.
Lan eremu guzti horietan aitzinaturiko urratsak burujabetzaren aldeko ibilbidean kokatu dituzte. Gisa berean «gertakari horiek herri mobilizazioak eta instituzioak osagarri direla» erakusten dutela uste du EH Baik, baita «Ipar Euskal Herrian, indar harremanak, gero eta gehiago bertako arazoen eta interesen arabera osatzen direla» frogatzen dutela ere.
Izan ere, aurrera egiteko bidean sakontzeko deia luzatu dute ezkerreko abertzaleek. Hala «egungo errealitatetik abiatuz, herritarren nahi eta beharrei erantzuteko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko, eskumen maila gehiago izanen duen instituzio bat osatzeko beharra» berretsiko du EH Baik apirilaren 17an antolaturiko ekimenaren bidez.
Era berean, muga guzien gainetik, Euskal Herri osoko eragile, herritar eta erakundeen artean lurraldeen arteko harremanak sendotzeko mekanismoak indartzeko beharra nabarmenduko dute. «Elkarrekin eta lankidetzan, nazio eraikuntza berrindartzeko garaia dela» aldarrikatuz.
Presoen biziarekin jolasteari utzi behar dio Parisek
Emmanuel Macronen agintaldiari buruz irakurketa kritika egin dute aurkezpenean Lopepek eta Tabernak. Eskubide eta askatasunen eremuan eginiko murrizketak, alde batetik, eta eskuin-muturraren ideologia aintzat hartzeko bidean frantses Gobernuak egin duen hautua, bestetik, gogor salatu dute.
Hori gutxi balitz, azaldu dutenez «Euskal Herriak funtsezko diren gaietan jaso duen mespretxua gehitu behar dugu».
Konponbide politiko eta demokratikoaren aldeko hautua berretsiz, larunbatean Baionan egin bezala, EH Baik elkartasuna helarazi nahi izan dio beste behin ere «bakea eta askatasuna lortzeko borrokan ari den korsikar herriari».
Yvan Colonnaren heriotza hizpide, «frantses Gobernuak preso politikoen biziarekin jolasteari utzi behar diola» galdetu du ezkerreko mugimendu abertzaleak.
Ildo beretik, Ipar Euskal Herrian «jendarte zibilak eta hautetsien gehiengoak» babesten duten bezala Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Unai Paroten askatasuna erdiesteko unea dela adierazi dute gaur Azkainen Aberri Eguna kari antolaturiko ospakizunaren berri emateko agerraldian.