Jon Ormazabal
Interview
Ander Imaz
Baikoko atzelaria

«Unai eta ni gaizki moldatuko bagina, ez ginateke orain hemen egongo»

27 urterekin, bera da lau finalistetan zaharrena, baina oiartzuarra da oraindik lehen mailako finalik jokatu ez duen bakarra ere. Langile amorratua, horrenbeste amestutako unea heldu zaio eta ez dio gozatu gabe ihes egiten utzi nahi txapelketa honi.

Ander Imaz.
Ander Imaz. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eibarren 16. tantoa egindakoan nola ospatu zenuen ikusita, lehen finala oso garrantzitsua izango da zuretzat, ezta?
Bai, azkenean pilota munduan gauden guztiontzat txikitako ametsa da final bat jokatzeko aukera izatea, eta momentu  horretan dena bota nuen.

Gasteizko play-offaren aurretik esana zenuen behar zenuela halako txapelketa bat.
Bai, azkenekoetan agian ez nuen nire mailarik onena eman eta berriz ere onenekin lehiatzeko moduan nagoela, partidak irabaztea eta lehiakorra izatea niretzat buru aldetik ere oso garrantzitsua izan zen. Nigan asko sinistu dut, Unairengan ere bai eta horregatik gaude hemen.

Azken bi urteetan gertatutako guztiarekin, pandemia, greba... burua ere apur bat nahastuta agian?
Nahastuta ez dakit. Azkenean, ondo prestatua egoteko asko saiatzen naizen pilotaria naiz, kantxan dena ematen; debutatu nuenetik lanean jarraitu dut, baina gauza batzuk badira nahi eta nahi ez eragiten dizutenak kantxan eta bizitza pertsonalean momentu askotan, baina dagoeneko gauza horiek ahaztuta daude eta orain disfrutatzera.

Unairekin jokatzeak ere bazuen berea; greban bakoitza mutur batean zineten, baina ederki moldatu zarete.
Bai, azkenean pilotariok dakigu zer gertatu den hor barruan eta  Unairekin argi neukan harreman handia izan dudala beti, debutatu nuenetik, eta banekien niretzat oso bikotekide ona zela. Txapelketa hasi zenetik beti finalean izatea amesten duzu, baina gauzak oso ondo egin behar dira. Bagenekien, gurea emanda, posible zela lehiakor izatea, baina gero final batera iristeko gauza asko irten behar dira ondo.

Eta elkarrekin gaizki eramanda hori ez da posible ala?
Nik esaten dudana da garbi dagoela gaizki eramanez gero Unai eta ni gaur ez ginela hemen egongo. Lau hilabete daramatzagu egunero elkarrekin, elkarrekin bazkaldu, afaldu, entrenatu, kotxean batera… ez bazara berarekin ondo eramaten, oso zaila da.

Hori dena hitz egiten da?
Bai, dena hitz egina zegoen. Garbi genuen biak ere momentu txarrak pasatzetik gentozela,  eta garbi genuen biontzat oso txapelketa garrantzitsua zela. Oso motibatuak irten gara biok  eta nabaritu da.

Unaik, gainera, sekulako inpaktua izan du zaleen artean; bere partidak oso bereziak dira itzuli zenetik.
Bai, etorri zenetik sekulako maila ematen ari da, jendearengana  asko heltzen den pilotaria da eta, egia esan, ezin gara kexatu, joan garen frontoi ia denetan  sekulako giroa egon da, jendea gu animatzen, frontoiak beteta, eta horrek ere beste motibazio bat ematen dizu.

Oiartzuarrak ere sentitu ditugu pilotalekuetan. Bada girorik herrian finalerako?
Ezin naiz kexatu debutatu nuenetik herrian izandako harrerarekin. Jendea oso gainean izan dut. Txapelketa osoan Oiartzungo jendea asko ari da mugitzen eta finalerako ere dezente etorriko dira. Igandeko partida amaitu eta segituan jende askok erosi zuen sarrera. Nik ditudanak ere denak saldu ditut eta girorik ez da faltako. Oiartzun oso herri pilotazalea izan da beti. Lehen ere izan dira pilotariak, baina ni bakarrik heldu naiz lehen mailako final batera eta giroa nabari da bai.

Pilotalekutik kanpora nolakoa da Ander?
Kantxatik kanpo nahiko lasaia naiz. Egia esan, txapelketetan nagoenean kantxatik kanpo gauza nahiko antzekoak egiten ditut, lagunekin lasai egon, mendira joan nire kasa deskonektatzera, eta horretan uste dut Unai eta biok nahikoa antzekoak garela. Kirolzale handia naiz. Pilotaren atzetik txirrindularitza da gehien jarraitzen dudan kirola, baina denak jarraitzen ditut orokorrean.  

Ikasketarik?
Goi mailako ziklo bat egina daukat, kiroletakoa. IVEF egin nahi nuen, baina segituan debutatu nuen eta azkenean gradu hori egin nuen. Gero, aparte, herriko neska-mutikoak entrenatzen ditut zenbait arratsaldetan. Ni ere klub horretatik irten nintzen eta haiei laguntzea ere garrantzitsua iruditzen zait. Denbora dezente daramat bertan eta herriko klubari laguntzen ez badiogu... bertan aritu nintzenean ez zitzaidan ezer falta izan eta saiatzen naiz ahal dudanean laguntzen eta oso gustura nabil.